14. JARDUNALDIA
Eibar esku hutsik bueltatu da Vallecasetik (1-0)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Armaginak Rayo baino gehiago gehiago izan dira lehen zatian, baina golaren ostean ez dira arriskurik sortzeko gai izan.
Eibarrek galdu egin du Rayo Vallecanoren aurka (1-0) ostiral honetan jokatu den norgehiagokan, Ligako 14. jardunaldiari hasiera eman diona, hain zuzen ere. Armaginek hobeto jokatu dute lehen zatian, baina ez dira golik sartzeko gai izan Stole Dimitrievski atezain mazedoniarrari.
Hamar neurketa irabazi gabe eta etxean oraindik garaipenik lortu ezinda egonagatik ere, Rayok nahiko pattal ekin dio lehiari, eta Eibarrek agindu du lehen zati osoan. Armaginena izan da baloi jabetza, bere zelaitik apenas atera den etxeko taldearen aurrean.
Mendilibarren mutilek zenbait erdiraketa egin dituzte madrildarren area barrura, eta, horietako arriskutsuenean, Jordanen burukadak Dimitrievskiren geldituarekin egin du topo.
Aitzitik, bigarren zatian, Real Madrili jipoia eman eta sailkapeneko goialdera begira jarri nahi zuen talde gipuzkoarrak beherantz egin du.
Horrela, aldageletatik itzuli ondorengo hasierako minutuetan, talde bakoitzak baloi bat bota du arerioaren ateko zutoinaren aurka (Diopek Eibarren aldetik eta Embarbak Rayorenetik), baina jokaldi bata zein bestea baliogabetuta zegoen aurretiaz. Haatik, handik gutxira, 53. minutuan, Embarbak berak aurretik jarri du bere taldea, orpoz area barruan egin duen erremate batekin.
Hortik aitzinean, Eibarrek joko zuzena erabili du hainbat aldiz zelaira atera berriak ziren Kike Garcia eta Charlesen bila (Jordan eta Enrich ordezkatu dituzte, hurrenez hurren), baina aparteko emaitzarik gabe.
Hori bai, norgehiagokaren azken txanpan, Rayoko jokalari gehienak bere zelaian sartuta eta defentsako lanean buru-belarri kontzentratuta aritu dira, armaginen erasoaldiei gotortuta aurre egiteko asmoz. Jarrera horrek oraingoan emaitza ona ekarri die Michelen jokalariei, ez baitute akats larririk egin, beste batzuetan ez bezala.
Horrenbestez, garaipen horrekin Rayok 10 puntu ditu, eta Athleticengandik puntu bakarrera jarri da. Jaitsiera postuetatik libre dagoen Leganes, berriz, hiru puntura dauka.
Fitxa teknikoa:
Rayo Vallecano 1: Dimitrievski, Velázquez, Amat, Galvez, Alex Moreno, Comesaña; Embarba, Imbula (Elustondo, 56. min) (Pozo, 72. min), Alvaro Garcia; Trejo eta Raul de Tomas (Tito, 79. min).
Eibar 0: Riesgo; Ruben Peña, Ramis, Oliveira, Cote, Escalante (De Blasis, min. 86), Pape Diop, Jordan (Kike Garcia, 62. min), Orellana, Cucurella eta Enrich (Charles, 78. min).
Golak: 1-0, min. 53: Embarba.
Epailea: Undiano Mallenco. Txartel horiak: Raul de Tomas, Imbula, Elustondo, Trejo, Alex Moreno (Rayo Vallecano); Diop, Jordan, Peña (Eibar).