IPURUA, 20:45E
Eibarrek bere jokamoldeari eutsi nahi dio Ipuruan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Armaginek Valentzia izango dute aurkari Ipuruan, eta garaipenaren bila aterako dira 20 puntura heltzeko asmoz.
Eibarrek Ipuruan daraman dinamika onari eutsi nahi dio larunbat honetan Valentziaren aurka, 20:45etik aurrera. Helburu nagusia azken jardunaldietan etxean agertu duen gol jarioari jarraipena ematea izango da, baina defentsa arloko lana tenkatuz, sailkapenean 20 punturekin jartzeko.
Real Madrilen aurka sartutako hiru golak eta Levanteri egindako laurak garbi erakusten dute talde armagina oso maila onean ari dela aurrera begira; aitzitik, Paco Lopezek entrenatzen duen Levantek ere erraztasun handiak izan zituen Ipuruan beste lau lortzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Mendilibar zuzentzen saiatuko dena.
Eibarren deialdiko berritasun nagusia Joan Jordanen itzulera da, aurreko jardunaldian zigorra bete ostean. Aitzitik, Zaldibarreko entrenatzaileak Pere Milla, Hervias eta Marc Cardona kanpoan utzi ditu.
Litekeena da Mendilibarrek Charlesi erasoan jokatzeko aukera ematea berriz ere, Levanteri bi gol sartu eta gero. Gainerako hamaikakoari dagokionez, ez dirudi aldaketa esanguratsurik egongo denik.
Ipuruak bere harmailetako bat gabe (mendebaldekoa) hartuko du neurketa, aste honetan bertan eraisten hasi baitira.
Valentziak, bere aldetik, talde armagina sailkapenean aurreratzea dauka xede, behin Txapeldunen Ligatik kanpo geratu eta hurrengo hilabeteetan Ligan zentratzeko aukera izanda.
Marcelinok hainbat jokalari ditu min hartuta, eta, ondorioz, ezingo ditu Toni Lato hegalekoa, Geoffrey Kondogbia eta Gonçalo Guedes erdilariak eta Kevin Gameiro aurrelaria erabili. Kontrara, Gabriel Paulista atzelariak zituen arazo fisikoak gainditu ditu, eta gertu dago lehiarako.
Balizko hamaikakoak:
Eibar: Riesgo, Ruben Peña, Arbilla, Ramis, Cote; Orellana, Escalante, Jordan, Cucurella, Charles eta Enrich.
Valentzia: Neto, Piccini, Garay, Paulista, Gaya; Soler, Parejo, Coquelin, Cheryshev, Rodrigo eta Mina
Epailea: Cordero Vega.
Futbol-zelaia: Ipurua.
Ordua: 20:45