Benito Villamarin, 13:00
Gabonak lasai igarotzeko puntuak lortu nahi ditu Eibarrek Sevillan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Armaginek Takashi Inui Eibarreko jokalari ohiarekin bat egiteko aukera izango dute. Japoniarra Betisen ari da jokatzen gaur egun, baina oroitzapen ezin hobeak utzi zituen Eibarren.
Jaitsiera postuetatik apur bat gehiago aldendu nahi du Eibarrek larunbat honetan Betisen aurka (13:00), Gabonak buruhausteak albo batera utzita igarotzeko asmoz.
Bide batez, Real Madrilen aurkako garaipen ikusgarriak (3-0) emandako konfiantza berreskuratzen saiatuko dira; izan ere, norgehiagoka horren atzetik jokatutako hiru neurketetan ez du garaipenik lortu. Bi puntu besterik ez ditu eskuratu bederatzi posibleetatik: galdu egin zuen Rayoren aurka (1-0), eta berdindu egin zuen etxean Levanteren (4-4) eta Valentziaren (1-1) aurka.
Jose Luis Mendilibarrek 19 jokalari sartu ditu deialdian, eta ez da aldaketa handirik espero hasierako hamaikakoan. Armaginen entrenatzaileak bere jokamoldeari eutsiko dio, baina azkenaldian defentsan egiten ari diren akatsak ekiditeko asmoz.
Erasoari begira, orde, gipuzkoarrak fin dabiltza, zortzi gol sartu baitituzte azken lau jardunaldietan.
Neurketak badu berezitasun bat, armaginek Takashi Inui Eibarreko jokalari ohiarekin bat egiteko aukera izango baitute. Japoniarra Betisen ari da jokatzen gaur egun, baina oroitzapen ezin hobeak utzi zituen Eibarren.
Bere aldetik, talde andaluziarra sasoiko iritsiko da partidara, Realari (1-0), Rayori (2-0) eta Espanyoli (1-3) irabazi ostean. Egun bosgarren da sailkapenean, 25 punturekin.
Quique Setienek bi jokalari ditu ezin erabilita, giharretako lesioengatik: Andres Guardado zelai-erdiko jokalaria eta Junior Firpo ezker hegalekoa.-
Balizko hamikakoak:
Betis: Pau Lopez, Francis, Mandi, Bartra, Sidnei, Tello; Lo Celso, William Carvalho, Canales, Loren eta Sanabria.
Eibar: Riesgo, Rubén Peña; Ramis, Oliveira, Cote, Orellana, Jordan, Diop, Cucurella, Enrich eta Charles
Epailea: Carlos del Cerro Grande.
Futbol-zelaia: Benito Villamarin.
Ordua: 13:00