Valladoliden aurka (1-2)
Eibarri garaipenak ihes egin dio azken hiru minutuetan
eitb.eus
Talde armaginak 1 eta 2 galdu du Valladoliden aurka. 90. minutuan 1-0 irabazten ibili da, baina aurkariek lehia berdindu dute penaltiz, eta 93. minutuan bigarren gola sartu du Pucelako taldeak.
Eibarrek porrota jaso du Valladoliden aurka (1-2) Ipuruan, Ligako 28. jardunaldiko partidan. Aurretik iritsi da talde armagina 90. minutura, baina hiru minututan bi gol jaso ditu, eta galdu egin du. Ondorioz, Eibar 35 punturekin geratzen da, sailkapenaren erdialdean.
Neurketaren hasieran Eibarrek izan du baloiaren jabetza, baina talde gipuzkoarra ez da abaguneak sortzeko gai izan. Valladolidek 9. minutuan izan du lehen gol-aukera, baina Kekoren jaurtiketa kanpora joan da. Bi minutu beranduago, Guardiolak sartu duen gola baliorik gabe utzi du epaileak, aurrelaria jokoz kanpoko posizioan egon baita. Eibar saiatu da aukerak sortzen hegaletik egindako erdiraketen bitartez, baina ez du lortu Valladolideko atezaina arazoetan jartzea. Valladolidek gol-aukera argia izan du 32. minutuan; Oscar Planoren errematea, ordea, kanpora joan da, gutxigatik. Talde armaginaren erantzuna minutu bat beranduago etorri da, Jordanen erremate baten bitartez. Atsedenaldira iritsi orduko, Eibarrek izan du gola sartzeko aukera, baina Jordanek ateratako faltaren ostean, Orellanak gora bota du errematea.
Bigarren zatiari erasokor ekin dio Eibarrek, eta 54. minutuan gola sartzea lortu du. Coteren pasea buruz ukitu du Charlesek, Sergi Enrichek baloia jo du area barruan, eta Orellanak sare barrura bidali du errematea (1-0).
Gola sartu ostean, bigarren golaren bila jo du talde armaginak. Hala ere, Eibar ez da gai izan abagune argiak sortzeko. Pixkanaka, beharrizanak bultzatuta, talde bisitariak erasora jo du, eta gola sartzeko aukera bikaina izan du 70. minutuan. Sergi Guardiolak bikain utzi du atzean Arbilla, erdiraketa egin du, eta Unalek kanpora bidali du errematea, gola sartzeko dena alde izan duen arren.
Azken txanpan, Eibarrek kontrolpean izan du neurketa. Valladolidek, aldiz, nahi baina ezin. Pucelako taldea saiatu da erasora jotzen, baina ez du arrisku handirik sortu Dmitrovicek defendatzen zuen ate inguruan. Gainera, talde armginak izan du partida erabakita utzeko aukera, 83. minutuan; Sergi Enrich area barrua sartu da, aurkari bat atzean utzi du, eta errematea Masip atezainak desbideratu du, gola eragotziz.
Ematen zuen norgehiagoka erabakita zegoela, baina 88. minutuan, epaileak Valladoliden aldeko penaltia adierazi du, VARa kontsultatu ostean, Dmitrovic atezainak falta egin baitio area barruan Oscar Planori. Verdek ez du huts egin penalti jaurtiketan, eta partida berdindu du (1-1).
Sei minutuko luzapena eman du epaileak, eta 93. minutuan, talde bisitariak bigarren gola sartu du, Sergi Guardiolak bikain amaitu duen kontraeraso baten bitartez (1-2). Jada, erreakzionatzeko denborarik gabe geratu da Eibar, eta ezin izan du punturik eskuratu.
Fitxa teknikoa:
Eibar: Dmitrovic; Peña, Ramis, Arbilla Cote; Orellana, Diop, Jordan (De Blasis, 92. min), Cucurella (Cardona, 84. min) Enrich eta Charles (Escalante, 70. min).
Valladolid: Masip; Moyano (Antoñito, 81. min), K. Olivas, Calero, Nacho; Anuar, Míchel (Enes Unal, 60. min), Ruben Alcaraz; Keko (Verde, 65. min), Sergi Guardiola, Oscar Plano.
Golak: 1-0, 53. min, Orellana. 1-1, 90. min, Verde (p.). 1-2, 93. min, Guardiola.
Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Eibar taldeko Cote eta Dmitrovic jokalariei, baita Valladolideko Anuar eta Alcaraz futbolariei.