Itxi

Ipurua, 20:30ean

Mailari eusteko bidean urrats handia eman nahi du Eibarrek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Armaginek behar gorrian iritsiko den Rayo Vallecano izango dute aurrez aurre gaur, madrildarrak jaitsiera postuetan baitaude, 24 punturekin.

Gonzalo Escalante lehen itzuliko Rayoren aurkako lehian. Argazkia: EFE

Lehen Mailari eusteko bidean berebiziko garrantzia izan dezakeen norgehiagokari egingo dio aurre Eibarrek gaur, 20:30ean. Armaginek huts egiteko tarterik ez duen Rayo Vallocanoren bisita hartuko dute Ipuruan; izan ere, partida galtzekotan, madrildarrei zeharo zailduko litzaieke datorren urtean maila gorenean jarraitzea.

Eibartarrek puntu kopuru polita pilatu dute dagoeneko (36) denboraldiko helburua gauzatze aldera; hala ere, etxean Valladoliden aurka galtzeak eta Levanterekin berdintzeak lanak amaitu gabe izatea ekarri die Jose Luis Mendilibarren mutilei.

Eibarko entrenatzaileak hainbat jokalariren hutsunea izango du neurketari aurre egiteko, min hartuta daudenei zigortuta dagoen Cucurella batuko baitzaie.

Horrenbestez, Mendilibarrek aldaketak egingo ditu hamaikakoan, aldaketak egitera behartuta dagoelako eta batzuei atsedena eman nahi dielako. Cote ezker hegalera bueltatuko da, eta Ramis, Oliveira eta Peña arituko dira harekin batera atzealdean.

Diop ez zen aurreko jardunaldiko deialdian sartu, min hartuta zegoelako, eta litekeena da oraingoan ere lehia aulkitik ikustea; hartara, Escalante eta Jordan izan litezke erdilari titularrak, ezker hegalean De Blasis eta eskuinekoan Orellana dituztela. Aurreko lerroan, baliteke Cardonak jokatzea Charlesen aldamenean.

Rayok, bere aldetik, finala balitz bezala hartuko du armaginen aurkako lehia, puntu premia handia baitu; are gehiago, Betisen aurrean berdinketa bakarrik lortu ostean, irabazten hasi baziren ere.

Dena dela, partida horrek bata bestearen atzetik galdutako zazpi neurketako bolada txarra eteteko balio izan zien Paco Jemezen jokalariei. Gainera, beste jarrera bat erakutsi zuten zelai gainean, bai gogo aldetik, bai jokatzeko eragatik.

Balizko hamaikakoak:

Eibar: Dmitrovic, Peña, Ramis, Oliveira, Cote, Orellana, Escalante, Jordan, De Blasis, Charles eta Cardona.

Rayo Vallecano: Dimitrievski, Tito, Abdoulaye, Amat, Alex Moreno, Embarba, Mario Suárez, Medran, Pozo, Alvaro edo Kakuta eta Raul de Tomas.

Epailea: Undiano Mallenco.

Futbol-zelaia: Ipurua.

Ordua: 20:30.

Albisteak (3)