KONTRATUAREN LUZATZEA
Charlesek 2020ra arte jarraituko du Eibarren
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aurrelari brasildarraren aurreko kontratua aurtengo denboraldiaren amaieran zen iraungitzekoa.
Eibarrek urtebetez luzatu dio kontratua Charles Dias brasildarrari. Horrenbestez, aurrelari beteranoa (gaur bertan bete ditu 35 urte) 2020ko ekainaren 30era arte geratuko da armaginekin, bere aurreko lotura aurtengo denboraldiaren amaieran iraungi behar baitzen.
Charlesek, hartara, hiru denboraldi beteko ditu talde gipuzkoarrean, 2017ko udan iritsi baitzen Eibarrera Malagatik.
Bere inoizko denboraldirik emankorrena ari da izaten aurtengoa Lehen Mailan jokatzen dagoenetik, 13 gol sartu baititu jokatu dituen 27 neurketetan, hau da, 2017/2018 denboraldia sartutakoak baino lau gehiago (orduko hartan 30 neurketa behar izan zituen kopuru horretara iristeko). Une honetan, Liga txapelketako seigarren golegile onena da Iago Aspas (Celta), Antoine Griezmann (Atletico Madril) eta Jaime Matarekin (Getafe) batera.
Aipatu legez, aurten erdietsi duen zifra Lehen Mailan inoiz sartutako handiena da; izan ere, gainditu egin du Celtarekin (2013/2014) eta Malagarekin (2015/2016) lortu zituen hamabina golak. Guztira, Lehen Mailan jarraian jokatu dituen sei denboraldietan 51 gol sartu ditu, 171 neurketa jokatu eta gero. Horiei Bigarren Mailan sartutakoak gehitzen bazaizkie, aurrelari brasildarraren gol-kopurua 106ra arte heltzen da.