Itxi

9. jardunaldia

Eibarrek porrota jaso du Ipuruan jaun eta jabe izan den Bartzelonaren aurka (0-3)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Armaginak irmo agertu dira lehen zatian gol bakarra jasoz eta geldialdi azpimarragarria eginez Messiri, hala ere, talde kataluniarra jaun eta jabe izan da Ipuruan.

Eibar 0 - Barcelona 3. Argazkia: EFE

Your browser doesn't support HTML5 video.

Eibarrek porrota jaso du Ipuruan bere aurpegirik onena eskaini duen Bartzelonaren aurka. Talde kataluniarrak gainera, Ipuruan erdietsitako hiru puntuei esker, lidergoa eskuratu du, Real Madrilek larunbat honetan bederatzigarren jardunaldiko partida jokatu bitartean.

Antoine Griezmannek egin du Bartzelonaren aurreneko gola eta lehen zatiko bakarra.

Lehen zati horri dagokionez, azpimarragarria dugu armaginek lehen zatian egindako presioa eta Dmitrovicek Messiri egindako geldialdia.

Atsedenaldiaren ostean, berriz, Bartzelona jaun eta jabe izan da eta Messi eta Suarezek jarraipena eman diote Griezmannekin egindako golari.

Argentinarrak arestian aipatutako geldialdia gogoan zuen eta burugogorra den aldetik, sentsazio hori irauli nahi izan du, Dimitrovicen atean gola eginez eta lortu ere, berak egin baitu Bartzelonaren bigarrena.

Gainera, jokalari ona izateaz gain, eskuzabala ere badela erakutsi du Messik, Eibarri baloia kendu eta erasoan abiatu direnean, Suarezi laga baitio jokaldia berak bukatu zezan. Gauzak horrela, Suarezen eskutik iritsi da Bartzelonaren hirugarrena.

Fitxa teknikoa:

Eibar: Dmitrovic; De Blasis, Oliveira, Arbilla, Cote; Pedro Leon (Edu Exposito, 63.min), Diop, Sergio Alvarez, Orellana; Charles (Kike Garcia, 79.min) eta Sergi Enrich (Inui, 71.min).

Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto (Semedo, 46.min), Lenglet, Umtiti, Jordi Alba; Busquets, Arthur (Arturo Vidal, 71.min), De Jong (Rakitic, 79.min); Griezmann, Messi eta Luis Suarez.

Golak: 0-1, 13.min: Griezmann; 0-2, 58.min: Messi; 0-3, 66.min: Suarez.

Epailea: Melero Lopez.