0-4
Eibarrek jipoia jaso du Real Madrilen aurka
Erredakzioa
Talde armaginak 0-4ko emaitzarekin galdu du Ipuruan jokatu duen Ligako 13. Jardunaldiko partida. Aurkaria nagusi izan da hasieratik amaieraraino.
Eibarrek porrota jaso du Real Madrilen aurka (0-4) Ipuruan jokatu duen Ligako 13. jardunaldiko partida. Ondorioz, talde armagina 15 punturekin eta sailkapenaren behealdean joango da geldialdira.
Hasieratik nagusi izan da Real Madril, eta lehen abisua eman du zutoinera joan den Benzemaren erremate batekin, nahiz eta epaileak jokaldia baliogabetu duen, aurrelari frantziarra jokoz kanpo egon delako. Zidanek zuzentzen duen taldea izan da baloiaren jabe, eta Eibar ezinean ibili da. Hamaikagarren minutuan, Dmitrovic atezainak eragotzi du Real Madrilen gola, Benzemaren errematea desbideratuta. Sei minutu beranduago, jokaldi nahasia egon da area barruan; Valverde arean sartu da, baloia aldendu nahi izan dute Eibarko jokalariek, Valverdek borrokan jarraitu du baloia ukitzea lortuta, Benzemak jaso du, eta 0-1ekoa sartu du.
Lehen gola hartu ostean, talde armagina ez da erreakzionatzeko gai izan, eta Real madrilek jarraitu du jaun eta jabe izaten. Horrela, talde bisitariak gola sartu eta bi minutu beranduago, De Blasisek falta egin dio Hazardi area barruan, epaileak penaltia adierazi du, eta Sergio Ramosek 0-2koa egin du hamaika metroetatik. Partida oso maldan gora jarri zaio Eibarri, eta are gehiago 27. minutuan, Benzemak 0-3koa sartu baitu, penaltiz. Jokaldi honetan, Cotek falta egin dio Lucas Vazquezi area barruan, eta epaileak penaltia adierazi behar izan du.
Lehen zatiko azken txanpan soilik sortu du abaguneren bat talde armaginak; konkretuki, 45. minutuan, Sergi Enrichen errematea gutxigatik kanpora joan da, Coteren erdiraketa on baten ostean.
Erasokor zelairatu da Eibar bigarren zatian, baina ez da gai izan abagune argirik sortzeko. Real Madrilek, ordea, lehen abisua eman du Hazarden jaurtiketa baten bitartez. Talde armaginak gol bat sartzea izan du helburu, aurkaria urduri jarri eta berdinketa lortzeko aukeraren bat izateko, baina De Blasisek 55. minutuan egin duen jaurtiketa kanpora joan da. Neurketako 62. minutuan, Real Madrilek partida guztiz erabakita utzi du, laugarren gola sartuta; hegaletik pasea eman dio Modricek Valverderi, eta honek 0-4koa sartu du, area kanpotik egin duen jaurtiketa bikain batekin.
Jada partida erabakita egon den arren, armaginak erasora jotzen saiatu dira, baina aurkaria sendo egon da defentsako lanean eta ez dio aukerarik eman. Gainera, Real Madrilek beste golen bat sartzeko aukera izan du, baina 79. minutuan Bigasek eragotzi du, Lucas Vazquezen jaurtiketa atepetik aterata. Azken txanpan, ez da abagunerik ezta beste golik egon, eta galtzaile atera da Eibar (0-4).
Fitxa teknikoa:
SD Eibar: Dimitrovic; De Blasis, Arbilla, Bigas, Jose Angel; Orelllana (Pedro Leon, 65. min), Escalante, Diop (Exposito, 81. min), Inui; Enrich eta Kike Garcia (Charles, 81. min).
Real Madril: Courtois; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Mendy; Valverde (Isco, 71. min), Casemiro, Modric; Lucas Vazquez (Brahim, 81. min), Benzema eta Hazard (Vinicius, 71. min).
Golak: 0-1, 17. min. Benzema. 0-2, 20. min. Sergio Ramos, penaltiz. 0-3, 29. min. Benzema, penaltiz. 0-4, 62. min. Valverde.
Epailea: Cordero Vega.
Zelaia: Ipurua.