2-0
Eibarrek arnasa hartu du Atletico Madrilen aurka garaipen handia lortuta
Erredakzioa
Talde armaginak 2-0eko emaitzarekin irabazi, eta jaitsiera postuetatik aldentzea lortu du. Esteban Burgos eta Edu Exposito izan dira golegileak.
Eibarrek garaipen garrantzitsua lortu du Atletico Madrilen aurka (2-0) Ipuruan, hiru puntu lortuta ekin dio Ligako bigarren itzuliari, eta jaitsiera postuetatik aldentzea lortu du.
Nagusi izan da talde armagina lehen zatiaren hasierako 30 minutuetan, eta lehen abagunea izan du bosgarren minutuan; Oblak atezainak erantzun bikaina eman dio asko itxi den Pedro Leonen erdiraketari, gola eragotziz. Atleticoko atezainak kornerrera desbideratu behar izan du baloia, eta, korner horren ondorioz etorri da gutxigatik kanpora joan den Sergi Enrichen errematea. Eibarren ekinak saria jaso du hamargarren minutuan, Esteban Burgosek sartu duen golarekin (1-0). Hasieran, epaileak baliogabetu egin du gola jokoz kanpokoa adierazita, baina VARak zuzendu du epailearen erabakia, eta gola balekoa izan da.
Gola sartu ostean ere nagusi izan da Eibar, baina talde armaginak ezin izan du abagune argirik sortu. Pixkanaka, Atletico Madril baloiaren jabe egin da, eta talde koltxoneroa izan da nagusi azken hamabost minutuetan. Moratak izan du abagunea 34. minutuan, baina ez du Dmitrovicen ate aurrean asmatu. Justu atsedenaldira iritsi aurretik, Dmitrovic atezainak Atleticoren gola eragotzi du, Correaren jaurtiketa desbideratuta.
Bigarren zatiaren hasieran Atletico Madril izan da nagusi, baina Eibar ondo egon da defentsako lanean eta ez dio erraztasunik eman talde bisitariari. Neurketako 55. minutuan, Joao Felixek ez du kontrol ona egin area barruan, aldaratzea Correari iritsi zaio, eta honen jaurtiketa gora joan da. Partida honetan Atletico Madrilek izan duen abagune onena 69. minutuan etorri da; Saulek erdiraketa ona egin, eta Morataren errematea Dmitrovicek harrapatu du.
Norgehiagokaren azken txanpan, Atletico Madrilek erasora jo du, baina Eibarrek ondo eutsi dio atzealdean. Gainera, azken minutuetan abaguneak izan ditu talde armaginak: Partidako 85. minutuan, Oblakek desbideratu egin du Enrichen jaurtiketa, eta Charlesek gora bidali du errematea oso aukera ona alferrik galduta. Atletico ezinean ibili da, eta, Eibarrek garaipena biribildu du Edu Expositok 90. minutuan sartu duen golarekin (2-0). Jokalari armaginak jaurtiketa bikaina egin du area kanpotik, eta sare barrura bidali du baloia. Amaieran, garaipena eta hiru puntuak Eibarrentzat.
Fitxa teknikoa:
2 - Eibar: Dmitrovic; Tejero, Burgos, Bigas, Cote; Exposito, Sergio Alvarez; Pedro Leon (Cristoforo, 74. min), Orellana (De Blasis, 79. min), Inui; Enrich (Charles, 86. min)
0 - Atletico Madril: Oblak; Arias, Felipe, Savic, Saul; Correa, Herrera (Lodi, 72. min), Thomas, Vitolo (Clemente, 86. min); Joao Felix (Camello, 82. min), Morata.
Golak: 1-0, 9. min, Esteban Burgos. 2-0. 89. min, Exposito.
Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak atera dizkie Burgos Eibarko jokalariari eta Saul Atletico Madrileko futbolariari.