Itxi

1-1

Eibarrek berdindu egin du Getaferen aurka

Erredakzioa

Leer en Castellano

Talde armaginak bana (1-1) berdindu du Alfonso Perez Coliseumean. Etebok sartu du Getaferen gola eta Charlesek Eibarrena. Epaileak Bigasen gola baliogabetu du azken txanpan.

Damian eta Inui, Getafe - Eibar partidan. Argazkia: EFE

Eibarrek bana (1-1) berdindu du Getaferen aurka Alfonso Perez Coliseumean, Ligako 30. jardunaldiko partidan. Ondorioz, armaginek 29 puntu dituzte, eta hiru puntuko abantaila dute jaitsiera postuan dagoen Mallorcarekiko.

Lehen zatia parekatua izan da, eta abagune oso gutxikoa. Lehia bizia mantendu dute bi taldeek, baloi guztiak borrokatu dituzte, baina gol aukerak sortzea kosta egin zaie. Eibarrek arrisku sentsazio handiagoa eman du, baina Getafe izan da aurrea hartu duena, 30. minutuan Etebok sartu duen golari esker (1-0).  Getafeko jokalariak area barruan jaso du baloia eta Dmitrovic atezaina gainditu du.

Golaren ostean, norgehiagokaren gidoia ez da aldatu; bi taldeek baloi guztiak borrokatuz jarraitu dute, baina abaguneak sortu ezinda. Neurketa atsedenaldira Getaferen aldeko gol bateko abantailarekin iritsiko zela zirudienean, Charlesek gola sartu (1-1) eta partida berdindu du. Talde armagineko aurrelariak sare barrura bidali du baloia, Enrichen pasea baliatuta.

Bigarren zatiaren hasieran, 53. minutuan, Getafek abagune argia izan du; Arambarriren jaurtiketa, ordea, gora joan da jokaldi on baten ostean. Zortzi minutu beranduago, 61.ean, David Soria atezainak eragotzi du armaginen gola, Cristofororen falta jaurtiketa desbideratuta. Bordalasek zuzentzen duen taldeak beste abagune bat izan du 68. minutuan, gurutzatuegi kanpora joan den Etxeitaren jaurtiketa baten bidez.

Ondoren, partida berriz sartu da gol aukerarik gabeko fasean. Hala ere, Eibarrek gola sartu du 87. minutuan; Pedro Bigas izan da golegilea, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokoz kanpo egon delako, bideo-arbitraje laguntzailea kontsultatu ostean. Gauzak honela, berdinduta amaitu da neurketa eta talde bakoitzak puntu bana gehitu du.

Fitxa teknikoa:

1 - Getafe: Soria; Damian (Kenedy, 79. min), Djene, Etxeita, Olivera; Etebo (Jason, 69. min), Arambarri, Timor (Maksimovic, 79. min), Cucurella (Nyom, 79. min); Angel (Jorge Molina, 63. min) eta Jaime Mata.

1.- Eibar: Dmitrovic; Arbilla, Esteban Burgos, Bigas, Cote; Cristoforo, Escalante, Diop, Inui; Charles (Orellana, 85. min) eta Sergi Enrich (Kike Garcia, 63. min).

Golak: 1-0, 30. min: Etebo; 1-1, 50. min: Charles.

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak atera dizkie Djene (49. min), Etxeita (85. min) eta Nyom (91. min) Getafeko jokalariei.

Bideoak (1)