Itxi

Final-hamaseirenak

Navalcarnerok Kopatik kanpo utzi du Eibar (3-1)

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Armaginak Kopatik kanpo geratu dira final-hamaseirenetan, lehen zatian markagailuan aurretik jarri diren arren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Navalcarnerok aurtengo Errege Kopako ezusteko nagusia izateko eskubidea lortzeko bidean ari da Eibarri emaitza irauli eta talde armagina kanporatu du final-hamaseirenetan. Jaimezek lehen zatian penaltiz sartutako golak eta bigarren zatian Juan Esnaiderrek erdietsitako beste biak buelta eman diote markagailuari; izan ere, gipuzkoarrak aurretik jarri dira Muto japoniarraren gol batekin (3-1).

Talde armagina Madrilgo Erkidegora itzuli da Las Rozasen aurkako kanporaketa gainditu eta egun batzuetara, nahiz eta orduko hartan ere kanporatuta geratzeko zorian egon ziren (3-4 gailendu ziren eibartarrak luzapenean, 0-3 irabazten joan eta gero).

Haientzat abisua izan behar zuenak, ordea, pizgarri bihurtu da etxekoen kasuan, eta asmo handiz zelairatu dira. Hain zuzen ere, neurketa hasi eta bost minutura arrisku handia eragin dute Esnaiderren bidez, izen bereko nazioarteko argentinar ohiaren semeak, Kevin Rodriguesek atepean atera duena. Blazquezek ere abagunea izan du, baina Joelek ederto erantzun dio.

Haatik Eibar izan da lehendabiziko gola egiteko gai izan dena Muto aurrelariaren eraginkortasuna baliatuta. Japoniarra Cavafe baino argiago ibili da, eta ez du barkatu Nestorren atezainaren aurrean.

Jasotako kolpeak ez ditu kikildu madrildarrak, eta berehala erantzun dute. Lehendabizi,  Fran Perezen saiakera etorri da, eta, jarraian, epaileak Cuberoren penaltia adierazi du, baloia area barruan ustez eskuz jotzeagatik. Jaimezek bikain bidali du sare barrura, abiadurarik hartu gabe.

Hala ere, atsedenaldiaren aurreko minutuak armaginenak izan dira. Pedro Leonen eta Kevin Rodriguesen jaurtiketak zutoinetik gertu igaro dira, eta Mutok eta Inuik ere izan dituzte euren paradak gola sartzeko, baina ez da halakorik gertatu.

Aldageletatik bueltan, Eibarrek hiru aurpegi berri atera ditu, baina etxekoena izan da jokoaren ekimena, eta hala iritsi dira beste bi gol madrildarren alde, bata zein bestea, Esnaiderrek sartutakoak. Lehendabizikoan, burukada eder batez, Mario Garciaren erdiraketa baliatuta; bigarrenean, hankarekin. Kasu bietan bakar-bakarrik egon da area barruan, defendatzaileek elkarri sinesgaitz begiratzen zioten bitartean, desegokitasunaren errudunak bilatuz.

Gol horrek erabat erabakita utzi du kanporaketa  armaginen kaltetan.

Fitxa teknikoa:

3 - Navalcarnero: Néstor; Calarge, Jaimez, Cavafe, Álex Alonso; Blázquez, Mario García (Monteagudo, min. 87), David Rodríguez (Alberto Alonso, 79. min), Fran Pérez (Sáiz, 73. min); Dani Del Moral (Álvaro Ramón, 79. min) eta Juan Esnáider (Vavá, 87. min).

1 - Eibar: Joel; Cubero (Pozo, 72. min), Arbilla (Bigas, 46. min), Burgos, Kevin Rodrigues; Recio (Rafa Soares, 46. min), Sergio Álvarez; Pedro León, Inui (Edu Expósito, 46. min), Quique González (Kike García, 62. min); eta Muto.

Golak: 0-1, min. 16: Muto. 1-1, min. 29: Jaimez, de penalti. 2-1, min. 61: Juan Esnáider. 3-1, min. 78: Juan Esnáider.

Epailea: Adrián Cordero Vega. Txartel horiak: Juan Esnáider (Navalcarnero); Burgos (eta Sergio Álvarez (Eibar).

Albisteak (3)

Bideoak (1)