Porrota
Ipuruako hiru puntuak Sevilla aldera joan dira (0-2)
L.E.A. | EITB MEDIA
Jose Luis Mendilibarren taldeak ezin izan die andaluziarrei irabazi eta, gainera, Dmirovic atezaina lesionatu egin da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eibarrek ezin izan du punturik lortu etxean Sevillarekin 0-2 galduta. Luis Ocampok lehen zatian, penaltiz, eta Joan Jordanek bigarren zatian egindako golek garaipena eman diote Julen Lopeteguik entrenatzen duen taldeari.
Lehen ordu erdia betetzear zenean hartu du aurrea markagailuan Sevillak, En-Nesyriri egindako penaltiari esker. Ocamposek maisuki jaurti eta aurretik jarri du bere taldea. Golaren ondorioz, Eibarrek aurrera pausoa eman du erasoan, partida berdintzeko asmoz. Bryan Gil-ek sortu du arrisku gehien, Sevillak armaginei utzitako jokalariak, hain zuzen. Gilen jokaldi baten ondorioz, Kike Garciak buruarekin zutoinera errematatu du.
Hala ere, Sevillak ondo eutsi die gipuzkoarrei eta nagusitzen hasi da hegaleko bi jokalariak lesionatu zaizkion arren. Acuñak 7. minutuan utzi du zelaia min hartuta, eta Jesus Navas ez da atsedenaldiaren ostean berdegunera atera. Hala ere, Europa Ligako egungo txapeldunak ez du arazo handirik izan bigarren gola egin eta neurketa erabakita uzteko. Aleix Vidalek jokaldia egin du eta baloia Joan Jordani iritsi zaio bere taldearen bigarrena egiteko.
Mendilibarren taldeak lau partida daramatza garaipenik lortu gabe eta jaitsiera postuetatik oso gertu dago. Bi puntuko aldea dute, 21. jardunaldiko beste partidak amaitu zain. Sevillak, aldiz, Txapeldunen Ligako postuetan amaituko du jardunaldia, eta begiak Errege Kopako kanporaketan ditu jada; Almeriaren aurka jokatuko dute, asteartean.
Fitxa teknikoa:
0 - Eibar: Dmitrovic (Yoel, 58. min); Pozo (Correa, 74. min), Oliveira, Bigas, Arbilla; Inui (Pedro León, 46. min), Diop (Aleix García, 74. min), Expósito; Bryan Gil, Muto (Enrich, 59. min) eta Kike García.
2- Sevilla: Bono, Jesús Navas (Aleix Vidal, 46. min), Koundé, Sergi Gómez (Diego Carlos, 81. min), Acuña (Rekik, 7. min), Fernando, Jordán, Óliver Torres (Rakitic, 69. min), Suso (Munir, 81. min), En-Nesyri eta Ocampos.
Golak: 0-1, 27. min. Ocamposek, penaltiz. 0-2, 55. min. Jordanek.