Martijak ere ez
Fran Garagarzak ez du jarraituko Eibarko Kirol Zuzendari bezala
EITB Media
Garagarzak ekainaren 30ean amaitzen du kontratua, eta ez da luzatuko.
Fran Garagarzak ez du jarraituko SD Eibarko Kirol Zuzendari bezala datorren denboraldian, bi aldeek hala erabakita. Garagarzak ekainaren 30ean amaitzen du kontratua, eta ez da luzatuko.
Garagarzak 2011n hartu zuen Eibarko Kirol Zuzendaritzaren ardura, beheko mailetako entrenatzaile eta koordinatzaile, eta lehen taldeko bigarren entrenatzaile izan ondoren. Gipuzkoarra klubaren urrezko garaiaren eragile nagusietako bat izan da, Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igotzea lortuz, eta, ondoren Lehen Mailara. Hamarkada honetan, kirol zuzendari gisa, Garagarzak asko lagundu du klubaren kirol arloa profesionalizatzen. Gaur egun, futbol profesionalean klub berean denbora gehien daraman kirol zuzendaria da.
Eibar Kirol Elkarteak urte hauetan guztietan egindako lana eta profesionaltasuna biziki eskertzen du, eta etorkizunerako zorterik handiena opa dio.
Bestalde, Mikel Martija idazkari teknikoak ere ez du Eibarren jarraituko ekainaren 30ean kontratua amaitzen zaionean. Lasartekoak duela zortzi urte hasi zuen bere ibilbidea talde armaginean oinarrizko futboleko koordinatzaile gisa, eta 2013/2014 denboraldiaren bigarren zatian hartu zuen Urkoren ardura, 2014an Garagartzaren bigarrena bihurtu aurretik.