Ofizial egiteko faltan
Garitano Eibarrera itzuliko da
A. A. | EITB MEDIA
Derioko entrenatzailearen eta talde armaginaren arteko akordioa erabatekoa da, Euskadi Irratiak zabaldutako informazioaren esanetan.
Gaizka Garitano entrenatzaile bizkaitarra Eibar taldera itzuliko handik atera eta sei urteren buruan. Euskadi Irratiko Haritz Gallastegi lankideak esandakoaren arabera, Derioko entrenatzailearen eta talde armaginaren arteko akordioa erabatekoa da, eta berak hartuko du Eibar Lehen Mailara itzultzen saiatzeko ardura.
Joan den asteartean, Cesar Palacios Gipuzkoako taldeko kirol zuzendariak bere kargu-hartzearen aurkezpenean aurreratu zuenez, teknikari berriak "oso argi izan behar du nortzuk garen".
Horrenbestez, bigarren aldia izango da Garitanorentzat armaginen entrenatzaile gisa. Izan ere, teknikari bizkaitarrak 2012an hartu zuen zeregin bera, armaginak Bigarren B mailan zeudela (aurretik Eibarren bigarren taldeko arduraduna zen), eta bi urteren buruan Lehen Mailara igotzeko balentria erdietsi zuen.
Aitzitik, kargua utzi zuen urtebeteren ostean, taldea Bigarren Mailara jaitsi ondoren, nahiz eta egun batzuk geroago mailari eusteko aukera etorri zitzaion, Elxeren lekua betez (Ligako epaileak Alacanteko taldea Bigarren mailara bidali baitzuen Ogasunarekin zituen zorrak zirela medio).
Garitano talderik gabe zegoen urtarrilean Athleticek lehen entrenatzaile kargutik kendu zuenetik.
Eibar eta Gaizka Garitano ados jarri dira. Derioztarra izango da armaginen entrenatzaile berria. Teknikari gisa bigarren aroa izango da. Jokalari gisa ere arrastoa utzi zuen. #EibarEntrenatzailea
— Haritz Gallastegi (@Hgallas) June 5, 2021