Itxi

FITXAKETA

Eibarrek ofizial egin du Gaizka Garitanoren fitxaketa

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bi urteko kontratua sinatu du talde armaginarekin, hirugarren baterako aukera izanik. Bigarren aldia izango da entrenatzaile bizkaitarra Eibar taldea zuzentzen.

Gaizka Garitano. Argazkia: Eibar

Gaizka Garitano bizkaitarra Eibar taldeko entrenatzaile berria izango da handik atera eta sei urte igaro ostean. Talde armaginak astelehen arratsaldean plazaratu duen oharraren arabera, Derioko teknikariak bi urteko kontratua sinatu du gipuzkoarrekin, hirugarren baterako aukera izanik.

Bigarren aldia izango da Garitanorentzat Eibar taldea zuzentzen. Izan ere, Viaderoren bigarrena izan zen 2009/2010 denboraldian, eta hurrengo bi denboralditan Eibarren bigarren taldea zuzendu zuen. Ondoren, 2012/2013 denboraldian lehen taldearen ardura hartu zuen, eta Bigarren B Mailatik Lehen Mailara igo zuen taldea bi urteren buruan.

Aitzitik, kargua utzi zuen urtebeteren ostean, taldea Bigarren Mailara jaitsi ondoren, nahiz eta egun batzuk geroago mailari eusteko aukera etorri zitzaion, Elxeren lekua betez (Ligako epaileak Alacanteko taldea Bigarren mailara bidali baitzuen Ogasunarekin zituen zorrak zirela medio).

Eibarren izan eta gero, Garitanok Valladolid, Deportivo, Bilbao Athletic eta Athletic taldeak zuzendu ditu. Hain zuzen ere, talde zuri-gorriak urtarrilean kendu zuen entrenatzaile kargutik

Garitanok 135 partida zuzendu dizkio Eibarko lehen taldeari, 57 garaipen, 37 berdinketa eta 41 porrotekin. Jokalari gisa Deriokoak bi alditan defendatu zuen elastiko armagina, 1998tik 1999ra eta 2001etik 2005era, 167 partida jokatuz eta 16 gol sartuz.

Oraingo honetan ere Patxi Ferreira izango da Garitanoren laguntzailea.

Albisteak (3)