Errege Kopa
Eibar Kopatik at geratu da, Ibiza Islas Pitiusasen aurka porrota jasota (1-0)
EITB Media
Armaginek 1 eta 0 galdu dute Eivissan jokatu duten Errege Kopako bigarren kanporaketako partida, eta txapelketatik at geratu dira. Juan Antonio Sanchezek sartu du neurketako gola, 69. minutuan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eibarrek agur esan dio Errege Kopari asteazken honetan (abenduak 21) Ibiza Islas Pitiusasen aurka porrota jasota (1-0) bigarren kanporaketako partidan. Armaginak txapelketatik kanporatuta geratu dira Bigarren RFEF Mailako taldearen aurka galdu ostean.
Lehen zatia parekatua izan da, eta abagune gutxikoa. Bi taldeei kosta egin zaie gola sartzeko aukerak sortzea. Eibar izan da baloiaren jabe, baina aurkaria ondo ibili da defentsako lanean. Haizea izan da protagonista, eta eragotzi egin du maila handiagoko lehia ikusi ahal izatea.
Bigarren zatia biziago hasi da. Bi taldeak erasokor zelairatu dira, eta lehen minutuetan etxekoek izan dute abagunea; Eibarko defentsek ez dute ondo aldendu baloia, eta Sanchezek ez du erremate ona egin. Ia jarraian, area kanpotik egin du saiakera Ibiza Islas Pitiusas taldeak, baina jaurtiketa kanpora joan da langaren gainetik.
Ekinean jarraitu du Ibiza Islas Pitiusasek. Hala, 69. minutuan, etxekoek saria jaso dute; Juan Antonio Sanchezek gola sartu du (1-0), boleaz egindako errematearekin Yoel atezaina gaindituta.
Gola jaso ostean, saiatu da erantzuten Eibar eta berdintzetik gertu egon da 74. minutuan, baina Kellyan Garcia atezainak erantzun bikaina eman dio Blanco Leschukek urrunetik egin duen jaurtiketa onari.
Azken txanpan erasora jo du Eibarrek. Talde armagina erdiraketen bidez saiatu da, baina Ibizakoak ondo ibili dira defentsako lanean. Neurketako 90. minutuan Rahmanik jokaldi bikaina egin du, eta haren jaurtiketa Kellyan Garciak gelditu du. Azken minutuan bi abagune izan ditu Eibarrek: lehenengoan, Kellyan Garciak erantzun bikaina eman dio Venancioren erremateari, baloia kornerrera desbideratuta, eta hurrengo jokaldian, Venanciok berak kanpora bidali du errematea baloia penalti puntuan solte geratu ostean.
Amaieran, porrota jaso du Eibarrek (1-0), eta Errege Kopatik at geratu da.