Smartbank Liga
Berrocalen golak lider mantendu du Eibar (2-1)
I. G. | EITB MEDIA
Malaga garaitu du partida ikusgarri batean, azken minutuetan, Berrocalek 90. minutuan sartutako golari esker.
Eibar bolada ezin hobean dago, eta igande honetan Malaga garaitu du (2-1) azken minutuetan Berrocalek 90. minutuan sartutako golari esker.
Eibar – Malaga partidako laburpena
Etxekoen lehen abisua 10. minutuan izan da, Tejerok egin duen jaurtiketa batekin, eta 18.ean Stoichkoven presioak ia bere helburua lortu du, talde malazitarreko atezainak ezin izan baitu baloia ondo eten eta aurrelari armaginak baloia eraman eta Ruben Yañezen gorputzera jaurti du.
Malagak ez du amore eman, eta 22. minutuan bisitarien jokaldi on bati amaiera bikaina eman dio Chavarriaren burukada batek, Luca Zidanek ondo gelditu duena. Baina hamar minutu geroago Stocihkovek defentsa-lagapen kaskarra baliatu du abiaduragatik alde egiteko eta baloia ezker zutoinari itsatsita Yañezen helmenetik kanpo oso ondo gurutzatzeko.
Indartsu hasi du Eibarrek bigarren zatia eta Malagaren pixkanaka arriskuz hurbiltzen hasi da etxekoen areara. 59. minutuan, Lago Junior Zidane ezustean harrapatzeko zorian egon da, eta atezainak bere jaurtiketa gelditu behar izan du.
Malagak ekinean jarraitu du partida joan egingo zitzaiola ikusiz, baina etxekoak ez dira defentsan estu eta larri ibili.
86. minutuan epaileak baliorik gabe utzi du Fran Sol armagin ohiaren gola, jokoz kanpo zegoelako, baina 88. minutuan Burgosen jaurtiketa bat obus bat bezala sartu da eta berdinketa ekarri dio Malagari.
Bisitarien pozak gutxi iraun du, hurrengo jokaldian, 90. minutuan, Berrocalek baloi bat orraztu baitu korner baten ondoren eta 2-1ekoa sinatu du.
Fitxa teknikoa
2.- Eibar: Luca Zidane, Tejero, Berrocal, Arbilla, Imanol, Sergio Alvarez, Matheus, Corpas (Vadillo, 80. min), Muñoz (Venancio, 93. min), Rahmani (Quique Gonzalez, 80. min) eta Stoichkov (Bautista, 71. min).
1.- Malaga: Ruben Yañez. Jonas Ramalho, Burgos, Juande, Javi Jimenez, Aleix Febas (Luis Muñoz, 72. min), Jozabed (Lago Junior, 55. min). N´diaye, Fran Villalba (Fran Sol, 84. min), Chavarria (Appiah, 84. min) eta Ruben Castro (Gallar, 72. min).
Golak: 1-0, 32. min: Stoichkov. 1-1, 88. min: Burgos. 2-1, 90. min: Berrocal.
Epailea: Adrian Cordero. Txartel horia atera die Juande, Burgoa, N´diaye, Rahmani eta Matheus jokalariei.