Itxi

SMARTBANK LIGA

Eibarrek lidergoa sendotu du bigarren zatian emaitza iraulita (2-3)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldea 2-0eko emaitzarekin joan da atsedenaldira, baina markagailuari buelta ematen jakin du eta 4 puntu ateratzen dizkie Granadari eta Las Palmasi.

Bautistak bi goleko pase eta gol bat erdietsi ditu. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek hiru puntuak eskuratu zituen Mirandesen aurkako partidan, emaitza irauli ondoren. Burgoseko taldeak bi gol egin zituen atsedenaldia baino lehen eta gipuzkoarrek bigarren zatian erantzun zuten.

Mirandes-Eibar partidako laburpena

Igoera zuzenerako postuetan abantaila hartzeko jardunaldi aproposa zen eta Garitanoren mutilek ez zuten aukera alferrik galdu garaipena lortzeko sufritu behar izan zuten arren.

Eibarrek hasieratik argi utzi zuen lidertzaren defentsa Anduvatik pasatzen zela eta baloiaren jabe egin zen, baina minutuak aurrera joan ahala, Garitanoren defentsa behera etorri zen eta jaitsieratik aldentzeko puntuak hirunaka batzen jarraitu behar zuen Mirandesen une onenarekin bat etorri zen.

Raul Garciaren lehen gola 22. minutuan iritsi zen, Berrocali eta Venanciori iskin egin eta baloia gurutzatuz; are gehiago, Betisek utzitako aurrelariak bere bigarren gola sartzeko aukera izan zuen handik gutxira, baina ez zuen asmatu atepean handi egin zen Luca Zidanen aurrean.

Hala ere, ez zuen Gelaberti goleko pasea ematerako garaian huts egin eta 2-0ekoa jarri zuen erdilariak atsedenaldiaren atarian klasez betetako definizioarekin.

Atsedenaldiaren ostean, Burgoseko taldeak partida ixteko bi aukera izan zituen, baina ez zituen aprobetxatu eta azkenean ordaindu egin zuen. Eibarren lehen abagunean, berdegunera irten berria zen Aketxek, Bautistak emandako pasearekin, markarik gabe errematatu zuen aldea murrizteko.

Handik hiru minutura, armaginek alboko falta bat jaurti zuten, eta baloiak Bautistaren oinetan amaitu zen berriro, baina oraingoan Rahmaniri eman zion pasea partida berdintzeko.

Azkenean, Jon Bautistak markagailua irauli zuen gol eder batekin, aurreko bi goletan parte hartu ondoren. Corpasen pase bat jaso zuen arearen eskuinetik, aurrelariak kontrolatu eta ezkerrarekin buelta erdia eman ondoren, urrunen zegoen zutoinean jarri zuen.

Fitxa teknikoa:

2-Mirandes: Alfonso Herrero, Juanlu, Prados (Nico Serrano 82. min), Alex Martín, Barbu, Salinas; Gelabert (Jofre Carreras 74. min), Oriol Rey (Álvaro Sanz 82. min); Roberto López (Manu García 61. min), Pinchi eta Raúl García.

3-Eibar: Luca Zidane, Sergio Álvarez (Aketxe 46. min), Venancio, Berrocal, Arbilla, Nolaskoain, Matheus Pereira, Copas, Stoichkov, Rahmani (Dani Lasure eta Jon Bautista (Leschuk 86. min).

Golak: 1-0, 23. min: Raúl García. 2-0, 44. min: Gelabert. 2-1, 60. min Aketxe 2-2, 63. min: Rahmani. 2-3, 75. min: Jon Bautista.

Epailea: González Francés. Txartel horiak atera dizkie Manu Garciari (62. min), Alex Martini (77. min) eta Sergio Alvarezi (34. min).