Itxi

SMARTBANK LIGA

Eibarrek eta Levantek berdindu egin dute igoera zuzenerako lehian (1-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Stoichkovek Arbillak bere atean sartutako golaren eragina gutxitu du eta talde armaginak puntu bat salbatzea lortu du.

Tejero erdiraketa bat egiten Sonen aurrean. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek eta Levantek bana egin dute Ipuruan jokatutako partidan, eta etxeko taldeak sartu ditu bi golak: lehena Arnaitz Arbillak bere atean eta berdinketa Stoichkov cadiztarrak.

Eibar - Levante partidako laburpena

Levantek arratsaldeko lehen sustoa eman du, Campañak falta bat errematatuz. Armaginen erantzuna laster iritsi da, Stoichkoven eta Rahmaniren arteko konbinazio batean. Frantsesak gutxigatik ez du asmatu gola egiten.

Stoichkov izan da gipuzkoarren erasoko jokoaren liderra lehen zatian, eta Jon Bautistaren, Tejeroren eta Cadizkoaren arteko triangulazioan izan dute aukera nagusia. Dena alde izan arren, ez du area barruan errematea zehaztu, eta atsedenaldian aurretik jartzeko aukerarik argiena alferrik galdu du etxeko taldeak.

Levantek hartu du partidaren gidoia bigarren zatian. Gaizka Garitanoren taldea ez zegoen eroso eta 65. minutuan, Pubillen erdiraketa batean, Arbillak Zidanen ate barrura bidali du baloia.

Levantek nahi zuen lekuan zuen partida, baina Bigarren Maila honek ez du etenik ematen eta, handik gutxira, Stoichkoven presioari esker, Rober Pierrek akats larria egin du eta andaluziarra prest egon da baloia jaso eta Femenias gainditzeko, 1-1ekoa egitez.

Berdinketa bi taldeentzako nahikoa zela zirudien. Eibar intentsitate handiagoz saiatu da, baina Javi Callejaren taldearen sendotasunarekin egin du topo, eta euskal taldeak ere ez dio muzin egin puntuari, lehen postuan sendotzen jarraitzeko.

 

Fitxa teknikoa:

1.-S.D. Eibar: Zidane; Tejero, Álvarez, Arbilla, Lasure; Nolaskoain, Pereira, Corpas (Javi Muñoz, 68. min), Rahmani (Troncho, 84. min); Stoichkov (Quique González, 84. min) eta Bautista (Leschuk, 80. min).

1.- Levante: Femenías; Son, Muñoz, Rober Pier, Pubill (Carlos Giménez, 68. min); Campaña (Mussonda, 68. min), Iborra, Pepelu, De Frutos; Cantero (Soldado, 68. min) eta Montiel (Bouldini, 53. min).

Golak: 0-1, 65. min: Arbilla (b.a.). 1-1, 69. min: Stoichkov.

Epailea: García Verdura. Txartel horiak: Lasure, Stoichkov, Carlos Giménez eta Soldado.