Itxi

Smartbank Liga

Eibarrek lehen postua galdu du, Las Palmasekin etxean galduta (0-1)

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Armaginek zazpi partida daramatzate garaipenik lortu gabe. Neurketako gol bakarra Sandro Ramirezek egin du, 50. minutuan.

Eibar - Las Palmas. Argazkia: @SDEibar.

Eibarrek galdu egin du Ipuruan, Smartbank Ligako 39. jardunaldian, UD Las Palmas taldearen aurka jokatutako partida. Neurketa garrantzitsua zen armaginentzat, sailkapeneko lehenengoa (Eibar) eta bigarrena (UD Las Palmas) izan baitira lehian, Lehen Mailara igoera zuzena helburu duten bi talde.

Eibar - UD Las Palmas partidaren laburpena

Kanariarrak 0-1 gailendu dira azkenean, eta, hiru puntuei esker, sailkapeneko lehen postua kendu diete gipuzkoarrei, puntu kopuru bera duten arren. Partidako gol bakarra Sandrok egin du, norgehiagokako 50. minutuan.

Eibar behin eta berriro saiatu da gola egiten, baina Valles atezainak erantzun bikainak eman dizkie armaginen saiakerei. Javi Muñozek eta Anaitz Arbillak izan dituzte aukera argienak, azken horrek luzapenean.

39. jardunaldia amaituta, Smartbank Ligako sailkapena oso estu dago. UD Las Palmas da lider, 67 punturekin, eta Eibar dago bigarren, beste horrenbesterekin; ondoren, Granada eta Alaves daude, 66 punturekin, eta Levante bosgarren da, 65ekin.

Liga amaitzeko hiru jardunaldi bakarrik falta dira, eta edozer gerta daiteke.

Fitxa teknikoa

0. Eibar: Luca, Tejero, Venancio, Arbilla, Ríos Reina (Nolaskoain, 87. min), Sergio Álvarez, Matheus, Corpas (Troncho, 65. min), Javi Muñoz (Arana, 73. min), Quique (Rahmani, 65. min) eta Bautista (Blanco Leschuk, 73. min).

1. Las Palmas: Valles, Lemos, Alex Suárez, Coco, Cardona, Álvaro (Marvin, 63. min), Loiodice, Kirian (Andone, 82. min), Jonathan Viera (Óscar Clemente, 38. min), Moleiro (Kaptoum, 82. min) eta Sandro (Marc Cardona, 63. min).

Epailea: Francisco Hernandez Maeso, Extremadurako batzordekoa. Txartel horia atera die Venancio, Sergi Cardona, Arbilla, Matheu, Marc Cardona, Valles eta Marvin jokalariei.

Gola: 0- 1, 51. min. Sandro.