Itxi

BERRITZEA

Cesar Palaciosek Eibar taldeko kirol zuzendari izaten jarraituko du 2026ra arte

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Palacios 2021eko udan iritsi zen Eibarrera, Fran Garagarzaren lekua hartzeko.

Cesar Palacios. Argazkia: EFE

Eibar Kirol Elkarteak eta Cesar Palaciosek akordioa lortu dute kirol zuzendari nafarraren kontratua berritzeko. Kontratuak 2026ko ekainera arte iraungo du orain.

Palacios 2021eko udan iritsi zen Eibarrera, Fran Garagarzaren lekua hartzeko, talde armagina Bigarren Mailara jaitsi ondoren. Lan zailak izan zituen hastapenean, taldea goitik behera berritzea egokitu baitzitzaion bere lehen denboraldian.

Kirol alorreko arduradun nagusi gisa, talde armagina Lehen Mailarako promozio faserako sailka zedila lortu zuen, nahiz eta lehen kanporaketan galdu, Gironaren aurka. Talde katalana izan zen azkenean mailaz igotzea lortu zuena.

Palaciosen bigarren denboraldi honetan, taldeak Bigarren Mailako sei onenen artean sailkatzea lortu du berriro, eta ostegun honetan partida erabakigarria jokatuko du Alavesen aurka, Lehen Mailara igotzeko lehian.

Kontratu berritze horrekin, kirol-zuzendari nafarrak beste hiru denboraldiz jarraituko du talde armagineko kirol arloaren buru.

Albisteak (3)