SMARTBANK LIGA
Gaizka Garitanok Eibar taldeko entrenatzailea izateari utzi dio
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Talde armaginak ezin izan du Bigarren Mailatik Lehen Mailara igo azken bi denboraldietan Derioko entrenatzailearen aginduetara. Kasu bietan, igoerako play-offetan geratu da aurrera egin ezinda.
Gaizka Garitanok Eibarreko entrenatzailea izateari utzi dio ostiral honetan, klubak komunikatu batean jakinarazi duenez.
Hurrengo urtean Bigarren Mailan jokatuko duen taldeak jakitera eman duenez, Eibarrek eta Derioko entrenatzaileak euren bideak elkarrekin ez jarraitzea adostu dute. Aldi berean, Patxi Ferreira bigarren entrenatzaileak ere bere kargua utziko du.
Garitanok 228 aldiz zuzendu du klub armagina, hura zuzentzen egon den bi aldiak kontuan hartuta. Hala, bere lehenengo etapan, Bigarren B Mailatik Lehengo Mailara igo zuen Eibar.
Aurreko denboraldian berriro bueltatu zen taldera, eta hirugarren postua lortu zuen liga erregularrean. Hala ere, galdu egin zuen mailaz igotzeko lehenengo promozioko kanporaketan.
Denboraldi honetan, berriz, bosgarren tokian amaitu du liga erregularra, eta promoziorako sailkatu du taldea berriro ere, baina Alavesen kontra galdu du lehenengo kanporaketan.