Itxi

Hypermotion Liga

Eibarrek Valladolid jipoitu du bolada onean jarraitzeko (5-1)

I. G. | EITB Media

Leer en Castellano

Armaginek nagusitasuna erakutsi dute eta hiru puntuak eskuratu dituzte Aketxe, Bautista, Stoichkov, Qasmi eta Rahmaniren golei esker. Horrela, Gipuzkoako taldeak zortzi jardunaldi daramatza galdu gabe.

Eibarreko jokalariak. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek garaipen handia lortu du ostiral honetan Ipuruan, Valladolid 5-1 mendean hartuta Hypermotion Ligako 13. jardunaldiko lehen partidan. Armaginek nagusitasuna erakutsi dute, eta hiru puntuak eskuratu dituzte Aketxe, Bautista, Stoichkov, Qasmi eta Rahmaniren golei esker. Horrela, Gipuzkoako taldeak zortzi jardunaldi daramatza galdu gabe.

Partidako lehen minutuek ez dute jaberik izan, eta baloia bi aldeetan ibili da. Bost minutu geroago, armaginek partidako lehen abagune argia izan dute, Bautistaren eta Stoichkoven arteko jokaldi on batean. Lehenengoak atezaina gainditu du jaurtiketa trabatu batekin, eta Stoichkovek ezin izan du eragotzi defentsak baloia harrapatzea atera iritsi aurretik.

Protagonista berberek izan dute bigarren aukera, baina oraingoan Bautistak denbora gehiegi behar izan du erabakitzeko, eta aurkariak gainera etorri zaizkio. Stoichkovek jaurtiketa ustel batekin amaitu du jokaldia, kanpora bidali baitu.

Handik 12 minutura, hirugarren saiakeran, Stoichkovek gola sartu du, Tejeroren pase luze batekin atezainaren aurrean bakarrik geratu ostean, baina VARa berrikusita epaileak jokoz kanpo zegoela adierazi du, eta gola baliogabetu du.

Eibarrek partidaren gidaritza hartu du, eta 22. minutuan saria aurkitu du. Pereirak eskuinean aurkitu du Aketxe, eta honek ondo kokatuta behera jaurti du baloia, bere taldea aurreratzeko (1-0).

Partida hasi eta ordu erdira, Bautistak aldea handitu du markagailuan. Valladolideko atezainak akats handia egin du, pase txar bat egin eta baloia Stoichkovi eman dionean. Stoichkovek bakar-bakarrik ikusi du bere taldekidea, eta Bautistak ate barrura bidali du baloia, inolako eragozpenik gabe (2-0).

Bigarren zatia hasi eta berehala, Valladolidek aldea murriztu du, Syllaren golari esker. Zidanek ukitu egin du baloia, baina ez da desbideratzeko nahikoa izan (2-1).

Armaginek ondo erantzun diote aurkako golari. Ez dira emaitza babesten aritu, eta gehiagoren bila atera dira. Horrela, Stoichkovek izan dituen aukeretako batean, gola egiteko bere gaitasuna erakutsi du. Jokaldia ondo bukatu du, baloia sare barrura bidalita (3-1).

Azken minutuetan, Qasmik buruz sartu du 4-1ekoa, Vencedorren erdiraketa bikain errematatuta.

Luzapenean, Rahmanik falta bat aprobetxatu du atezainaren errebotea jaso eta 5-1ekoa sartzeko.

Fitxa teknikoa:

5 - Eibar: Luca, Tejero, Berrocal, Arbilla, Ríos Reina (Cristian, 72. min), Sergio Alvarez, Matheus, Aketxe (Corpas, 72. min), Mario Soriano (Vencedor, 82. min), Stoichkov (Rahmani, 87. min) eta Bautista (Qasmi, 82. min).

1 - Valladolid: Jhon Victor, Boyomo, Gustavo (Cedric, 47. min), Torres, Perez (Tunde, 84. min), Monchu, Juric (Meseguer 79. min), Escudero, Sanchez (Anuar, 79. min), Sylla eta Joni Montiel.

Golak: 1-0, 23. min. Aketxe. 2-0. 32. min. Bautista. 2-1, 47. min. Sylla. 3-1, 69. min. Stoichkov. 4-1, 84. min. Qasmi. 5-1, 97. min, Rahmani.

Epailea: Damaso Arcediano. Txartel horia atera dio Bautistari.