Itxi

Hypermotion Liga

Eibarrek puntu bat lortu du luzapenean Espanyolen aurka (2-2)

I. G. | EITB Media

Leer en Castellano

Bautistak aurretik jarri ditu armaginak lehen zatian, baina Puadoren bi golek soken kontra jarri dute Eibar. Luzapenean, Puadok berak bere atean sartutako gol batek puntua eman die gipuzkoarrei.

Unai Vencedor. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek berdinketa lortu du ostiral honetan Espanyolen aurka (2-2) Hypermotion Ligako 14. jardunaldiari hasiera eman dion partidan. Bautistak aurretik jarri ditu armaginak lehen zatian, baina Puadoren bi golek soken kontra jarri dute Eibar. Luzapenean, Puadok berak bere atean sartutako gol batek puntua eman die gipuzkoarrei.

Armaginek bikain hasi dute norgehiagoka, eta lehen minutuetan aurrea hartu dute markagailuan. Bautistak, aurreko jaurtiketa batean aurkariaren atezaina proban jarri ondoren, baloia jaso du, bere defendatzaileari ihes egin dio eta sare barrura bidali du baloia (0-1).

Kontrako gola jasota, erreakzionatu egin du Espanyolek, eta Zidanek defendatutako areara pare bat hurbilketa arriskutsu egin du segidan. Lehen zatiko hurrengo minutuak etxekoenak izan dira, berdinketaren bila abiatu baitira.

Sorianok markagailua handitzeko aukera ona izan du kontraeraso batean, baina horren jaurtiketa zutoinetik kanpora joan da. Stoichkov ere gola lortzeko zorian egon da, baina Pachecok geldiketa ona egin du.

35. minutuan, Bautistak bigarrena egin du, Stoichkoven pase ona jaso eta baloia atezainaren hanken artetik sartuta, baina, VARa kontsultatu ostean, epaileak baliorik gabe utzi du gola, jokoz kanpo zegoelako.

Atsedenaldia heldu baino lehen, Puado partida berdintzeko zorian izan da, baina zutoinak Eibar salbatu du. Bigarrenean, ordea, helburua lortu du, eta horrela joan dira atsedenaldira, markagailuan taulak jarrita (1-1).

Aldageletatik bueltan, Eibarri partida kontra jarri zaio Puadok sartutako penalti baten ondorioz (2-1). Braithwaite bakarrik geratu da Zidaneren aurrean, eta, baloia kentzen saiatu denean, atezain armaginak lurrera bota du aurrelaria, falta eginez.

Gipuzkoako taldea egoerari buelta ematen saiatu da, baina bisitariak ez dira oso ondo aritu Espanyolen aurka jokaldiak sortzeko orduan.

Azken minutuan, ordea, Eibarrek markagailua berdintzea lortu du Berrocalek buruz errematatu duen falta batean. Baloiak zutoinarekin egin du topo, baina Puado jo du ondoren, eta honek, nahi gabe, bere atean sartu du (2-2).

Fitxa teknikoa:

2-Espanyol: Pacheco; Jofre Carreras (Ramon Ramos, 82. min), Sergi Gomez, Gragera (Roger, 82. min), Victor Ruiz (Cabrera, 49. min), Brian Olivan; Edu Exposito (Oscar Gil, 82. min), Aguado, Pere Milla (Salvi Sanchez, 76. min); Puado eta Braithwaite.

2-Eibar: Luca Zidane; Tejero (Corpas, 66. min), Berrocal, Arbilla, Rios Reina (Cristian, 77. min); Sergio Alvarez, Matheus Pereira (Vencedor, 77. min); Aketxe, Mario Soriano (Konrad, 83. min), Stoichkov eta Bautista (Rahmani, 83. min).

Golak: 0-1, 6. min: Bautista. 1-1, 47. min: Puado. 2-1, 56. min: Puado. 2-2, 98. min: Puado (bere atean).

Epailea: Lopez Toca. Txartel horia atera dio Tejerori (37. min).