Itxi

Hypermotion Liga

Eibarrek Burgosen aurka galdu du Ipuruan (0-1)

EITB Media

Leer en Castellano

Eibar hasieratik azkeneraino saiatu da, baina ez da gai izan arrisku nahikoa sortzeko Burgosen area inguruan. Bisitarien gola 82. minutuan iritsi da, armaginek defentsan egindako huts baten ondorioz.

Eibarrek Burgosen aurka galdu du Ipuruan. Argazkia: @SDEibar

Burgosek ezustekoa eman du, eta Eibarri irabazi dio Ipuruan, arratsade honetan jokatu duten partidan. Bisitarien gola Peru Nolaskoainek egin du bere atean, 82. minutuan, defentsan egindako huts baten ondotik.

Hasieratik, Eibarrek eta Burgosek norgehiagoka bizia eta parekatua eskaini dute, baina bietako batek ere ez du arrisku handirik sortu bestearen ate inguruan.

Betiko moduan, armaginak presio altua eginez eta baloia arerioaren zelaian jokatuz hasi dira, eta Jon Perez "Bolo"ren taldea kontraerasoan azkar ateratzen eta etxekoek utzitako espazioak baliatzen saiatu dira.

Burgosek egin ditu erremate gehiago, baina hiru baino ez dira atera joan. 31. minutuan, adibidez, Edu Espiauk urrunetik egin du jaurtiketa eta baselinaz nahi izan du gola sartu, baina Luca Zidanek garaiz egin du atzera, eta baloia kanpora bidali du.  

Atsedenaldiaren ostean, Eibar indartsuago atera da, baina minutuak aurrera joan ahala, Burgosek neurria hartu dio, berriz ere, eta partidaren azken zatira bizirik heldu dira kanpotarrak.

Etxekoen aukerarik onena Tejerok izan du, 74. minutuan, baina Carok gelditu du zartakoa. Norgehiagoka golik gabe amaitu zitekeela ematen zuenean, Fer Niñok jaurtiketa egin du, eta baloia Zidanen atean sartu da, Peru Nolaskoainen hankan jo eta gero.

Armaginek partida berdintzeko abagunea izan dute luzapenean, baina Carok baloia desbideratzea lortu du. Hor amaitu da partida. Eibarrek kolpe handia hartu du etxean, eta Burgos, ezustean, igoeraren lehian sartu da.  

Fitxa teknikoa

0 - Eibar: Luca, Corpas (Tejero, 69. min), Sergio Alvarez (Vencedor, 69. min), Arbilla, Rios Reina, Nolaskoain, Matheus, Aketxe, Mario Soriano (Konrad, 85. min), Stoichkov eta Bautista (Sergio Leon, 58. min).

1 - Burgos: Caro, Arroyo, Cordoba, Elgezabal, Matos, Alex (Ander Martin, 61. min), Atienza (Grego Sierra, 89. min), Appin, Bermejo (Fer Niño, 69. min), Eduardo Espiau (Ojeda, 69. min) eta Curro (Mumo, 89. min).

Epailea: Miguel Sesma. Txartel horia atera die Arroyori, Alexi, Matosi, Aketxeri, Matheusi eta Fer Niñori.

Gola: 1-0, 83. minutua. Peru Nolaskoainek bere atean sartu du, Fer Niñok jaurti ostean.

Gertakariak: Ipurua bete egin da, 6.425 ikuslerekin. Burgostik 300 bat jarraitzaile etorri dira.