Itxi

HYPERMOTION LIGA

Eibarrek jipoia eman dio Eldenseri Ipuruan (5-1)

EITB Media

Leer en Castellano

Armaginek garaipen argia lortu dute Eldenseren aurrean, eta bigarren tokian jarri dira, behin-behinean, Hypermotion Ligako sailkapenean.

Aketxek penaltiz egin du Eibarren lehen gola. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek 5-1 irabazi dio Eldenseri Ipuruan, eta Hypermotion Ligako sailkapenean bigarren tokian jarri da, behin-behinean, Elxek igandean jokatuko baitu Ferrolen. Joseba Etxeberriaren taldea hasieratik izan da nagusi, eta Eldensek ez du arriskurik sortu, bigarren zatiaren lehendabiziko minutuetan izan ezik.

Armaginek oso ondo jokatu dute lehen zatian, eta aurkaria mendean hartu dute. Lehendabiziko gola Ager Aketxek egin du, 8. minutuan, Pedro Capok Stoichkovi egindako penaltia sartuta.

Joseba Etxeberriaren jokalariak hasieratik izan dira nagusi partidan, eta 32. minutuan bigarren gola egiteko aukera izan du Stoichkovek, baina baloiak zutoina jo du. Eldense, bitartean, ez da gai izan Luca Zidaneren ate inguruan arriskua sortzeko, baina, edonola ere, bizirik joan da atsedenaldira.  

Aldagelatik bueltan, Eibarrek berdin jarraitu du, baina Fernando Estevezen mutilek gora egin dute, eta estuasunen bat edo beste eragin diote armaginen defentsari.

Bigarren zatia parekatuago abiatu da, eta Eldensek markagailua berdintzeko aukera zuela ematen zuenean, Sergio Alvarezek lasaitasunaren gola egin du, zelaira sartu eta minutu batera.

Une horretan, partida hautsi egin da, eta Eibarren golak bata bestearen atzetik iritsi dira: Konrad de la Fuentek bi egin ditu eta Matheusen jaurtiketa baten ondotik heldu da bosgarrena.

Eldenseren ohorezko gola Chapelak sartu du, luzapenean, korner baten ostean.

FITXA TEKNIKOA

5- Eibar: Luca, Corpas (Sergio Alvarez, 71. min), Venancio, Arbilla, Cristian (Rios Reina, 46. min), Nolaskoain (Vencedor, 82. min), Matheus, Aketxe (Konrad, 71. min), Mario Soriano, Stoichkov eta Bautista (Sergio Leon, 76. min).

1- Eldense: Acevedo, Abad (Martinez, 80. min), Dumic, Hernandez, Poloni, Clemente (Jurquera, 67. min), Sergio Ortuño, Capo, Marc Mateu (Chapela, 55. min), Andone (Montes, 55. min) eta Juanto Ortuño (Dauda, 55. min).

Epailea: Germán Cid. Txartel horia atera die Cristiani eta Hernandezi. Golak: 1-0, Aketxe, penaltiz (8. min). 2-0, Sergio Alvarez (73. min). 3-0, Konrad (78. min). 4-0, Konrad (85. min). 5-0, Matheus (86. min). 5-1, Chapela (89. min).

Gertakariak: 4.113 ikusle izan dira Ipuruan.