Kargatzen...
Itxi

Hypermotion Liga

Lehen Mailara zuzenean igotzeko postua galdu du Eibarrek, Sportingen kontra porrot eginda (1-0)

EITB Media

Leer en Castellano

Joseba Etxeberriaren taldea nagusi izan da partidan, eta arerioak baino gol aukera gehiago izan ditu, baina, azkenean, Sportingek eskuratu du garaipena, Campuzanok 84. minutuan sartutako golari esker.

Eibarrek 1-0 galdu du Sportingen aurka El Molinonen. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek 1-0 galdu du Sporting Gijonen aurka igande arratsaldean jokatu duen Hypermotion Ligako partida, eta, ondorioz, Lehen Mailara zuzenean igotzea ahalbidetzen duen postuetatik kanpo geratu da. Edonola ere, dena azkeneko jardunaldian erabakiko da, eta Eibar zuzenean igotzeko bi baldintza bete beharko dira: armaginek Oviedo mendean hartzea, Ipuruan, eta Leganesek Elxeren aurka galtzea.

Joseba Etxeberriaren taldea nagusi izan da norgehiagoka guztian, eta aukera ugari izan ditu, baina azken errematean huts asko egin ditu, eta larrutik ordaindu du. Campuzanok 84. minutuan egin du asturiarren garaipenaren gola, eta Sportingek Lehen Mailara igotzeko play-offean sartzeko borrokari eusten dio.

Eibarrek ohi bezala jokatu du hasieratik: zelaian ondo kokatuta, baloiaren jabetza bermatuz eta presioa goian eginda, erasoan azkar ateratzeko. Horrela, bada, lehendabiziko aukera 4. minutuan izan dute armaginek, baina Stoichkovek egindako jaurtiketa arazorik gabe gelditu du Yanezek.

Joseba Etxeberriaren taldea sarri iritsi da Sportingen area ingurura, baina asturiarrak arrisku handia sortzeko gai izan dira kontra-erasoan, eta, atsedenaldia baino lehen, Gaspar Campos lehenengo gola sartzeko zorian izan da. Jaurtiketa gogorra egin du, baina baloiak langan jo du.   

Lehen zatian, Eibar izan da nagusi, baina ez da fin ibili azken errematea egiterakoan, eta bi taldeak golik gabe berdinduta joan dira aldageletara.       

Bigarren zatian, gidoia errepikatu dute bi taldeek, Eibar izan da nagusi, eta minutuek aurrera egin ahala, ausardia gehiagorekin bilatu du gola. 60. Minutuan, Corpasek sarera bidali du baloia, Stoichkoven pasea baliatuta, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokaldia, jokoz kanpokoa izan delako.  

Norgehiagokako gol bakarra 84. Minutuan iritsi da eta Victor Campuzanok egin du, zelaian sartu eta gutxira, Oterok buruz emandako pasea aprobetxatuta. Armaginek protesta egin dute, Oterok Rios Reinari aurrez falta egin diolakoan. Epaileak VAReko epaileari kontsulta egin dio, eta honek ontzat eman du gola.

Azken minutuetan, eibartarrak urduri egon dira, batez ere Arbilla, eta epaileak txartel horia atera dira, protesta egiteagatik.

Porrot honen ondorioz, Lehen Mailara zuzenean igotzea ez dago Eibarren eskura: Azkeneko jardunaldian, Oviedoren aurkako partida irabazi beharko du Ipuruan, eta Leganesek Elxeren aurka galtzea ezinbestekoa izango zaio.

FITXA TEKNIKOA

1- Sporting: Yañez, Guille Rosas, Insua, Diego Sanchez, Cote, Rober Pier (Campuzano 77. min), Christian Rivera (Nacho Martin 67. min), Hassan (Fran Villalba 55. min), Otero, Mario Gonzalez (Djurdjevic 55. min) eta Gaspar Campos (Queipo 77. min).

0- Eibar: Zidane, Correa (Quique 77. min), Berrocal, Arbilla, Cristian (Rios Reina 70. min), Nolaskoain, Matheus (Sergio Leon 85. min), Aketxe, Mario, Corpas (Aldai 77. min) eta Stoichkov.

Golak: 1-0, 83. min: Campuzano.

Epailea: Moreno Aragon. Txartel horia atera die Insuari eta Arbillari.

Gertakariak: El Molinon zelaia. 24.816 ikusle.

 

 

Bideoak (1)