Itxi

Hypermotion Liga

Eibarrek berdindu egin du Racingen aurka, aldeko 0-2ko emaitza aprobetxatu ezinik (2-2)

I. G. | EITB Media

Leer en Castellano

Armaginek aurrea hartu dute Puertasen eta Carrilloren bi golekin, baina azken 10 minutuetan etxekoek puntu bat poltsikoratu dute Camara eta Martinen golekin, azken hori penaltiz.

Racing Santander vs Eibar. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek ez du aldeko 0-2ko emaitza aprobetxatzen jakin eta berdindu egin du Racing Santanderren etxean (2-2), ostiral honetan Hypermotion Ligako bigarren jardunaldian. Armaginek aurrea hartu dute Puertasen eta Carrilloren bi golekin, baina azken 10 minutuetan etxekoek puntu bat poltsikoratu dute Camara eta Martinen golekin, azken hori penaltiz.

Eibar jokoaren jabe izan da denbora gehienean, eta sarean amaitu ez diren hainbat aukera izan ditu, 27. minutuan Antonio Puertasek markagailua ireki duen arte (0-1).

Bigarren zatian, Alvaro Carrillok korner bat baliatu du armaginen bigarren gola egiteko, aldaratze batzuen ondoren, eta garaipen argia zirudiena bideratu du (0-2).

Hurrengo minutuetan, Eibarrek nagusi izaten jarraitu du, baina zortea ez du alde izan, eta, partida amaitzeko bost minuturen faltan, Suleiman Camarak gola egin du (1-2) euskal taldearen defentsaren aldaratze txar bat aprobetxatuta.

Gainera, luzapenean, eta VARaren laguntzarekin, epaileak Racingen aldeko penaltia adierazi du baloiak Arbillaren eskua jo baitu. Andres Martinek ez du huts egin hamaika metroko puntutik, eta Eibarrek puntu bakarrarekin konformatu behar izan du (2-2).

Fitxa teknikoa:

2 - Racing Santander: Ezkieta; Michelin (Sangalli, 61. min), Manu Hernando, Javi Montero (Mario, 78. min), Saul; Andres Martin, Aldasoro (Suleiman, 61. min), Vencedor,(Íñigo, 46. min), Pablo Rodriguez (Karrikaburu, 61. min), Iñigo Vicente; Arana.

2 - Eibar: Magunagoitia; Corpas (Cubero, 71. min), Carrillo, Arbilla, Arrillaga; Merquelanz (Mada, 65. min), Matheus (Nolaskoain, 81. min), Sergio Alvarez, Pascual (Guruzeta, 65. min), Antonio Puertas (Cristian, 81. min); Bautista.

Golak: 0-1, Antonio Puertas, 27. min; 0-2, Carrillo, 56. min; 2-1, Suleiman, 86. min; 2-2, Andres Martín (penaltiz), 90+2. min.

Epailea: De la Fuente Ramos. Txartel horia atera die Racing taldeko Pablo Rodriguez, Andres Martin eta Sangalli jokalariei eta Eibarko Corpas eta Nolaskoaini.