Itxi

Hypermotion Liga

Pascualek garaipenaren bidera itzuli du Eibar (2-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lau porrot jarraian jaso ondoren (hiru Ligan eta bat Kopan), armaginaren bi golek Ipuruan utzi dituzte Racing Ferrolen aurkako partidako hiru puntuak.

Jorge Pascual gol bat ospatzen. Argazkia: SD Eibar

Eibarrek 2-0 irabazi dio Racing Ferroli larunbat honetan Ipuruan jokatu den Hypermotion Ligako 15. jardunaldiko partida. Jorge Pascualen bi golek eten dute armaginen bolada txarra, lau porrot jarraian baitzeramatzaten: hiru Ligan eta bat Kopan.

Lehen abagunea 13. minutuan iritsi da, Antonio Puertasen erremate batekin. Handik gutxira, Corpasek aurreratuegi ikusi du Jesus Ruiz, eta urrutitik jaurtiz ezustean harrapatzen saiatu da, baina atezainak arazorik gabe harrapatu du baloia.

Bautista eta Jorge Pascual ere lehen gola egiten saiatu dira. Markagailua mugitu gabe amaitu du lehen erdia.

Atsedenalditik bueltan, baina, Eibarren lehenengoa iritsi da. Jorge Pascual golegile gisa estreinatu da armaginekin 46. minutuan, area erditik sare barrura bidali duen erremate batekin (1-0).

Racing Ferrolen erreakzio saiakera txiki bat egon da Fran Manzanararen urrutiko jaurtiketa altu batekin, baina hurrengo jokaldian Pascualek 2-0ekoa sartu du, Bautistak jokaldi landu bat egin ondoren.

Eibarren bi goleko aldea behin betikoa izan da Racing Ferrolen aurka, 78. minutuan soilik sortu baitu benetako arriskua Alvaro Gimenezen bidez.

Fitxa teknikoa:

2 - Eibar: Magunagoitia, Corpas, Carrillo (Chema Rodriguez, 55. min), Arambarri, Arrillaga, Sergio Alvarez, Nolaskoain, Guruzeta (Alkain, 67. min), Pascual (Slavy, 88. min), Puertas (Merquelanz, 88. min) eta Bautista (Mada, 69. min).

0 - Racing Ferrol: Jesus Ruiz, Aitor Buñuel, Puric (David Castro, 46. min), Naldo, Brais (Moi Delgado, 46. min), Delmás (Señe, 63. min), Manzanara (Nacho, 80. min), Alvaro Sanz, Dorrio, Chiki (Alvaro Gimanez, 63. min) eta Jauregi.

Golak: 1-0, 46. min: Pascual. 2-0, 67. min: Pascual.

Epailea: Marta Huerta de Aza. Txartel horia atera die Corpas, Castro eta Chema Rodriguez jokalariei.