Itxi

Hypermotion Liga

Eibarrek Zaragoza menderatu du Ipuruan (2-1), eta sailkapenean gora begira dabil berriro ere

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Antonio Puertasek eta Madak sartu dituzte, 21. eta 53. minutuetan, Joseba Etxeberriaren taldearen golak, eta Lisok, 80.enean, Zaragozarena egin du. Talde armaginak merezitako garaipena eskuratu du, 27 puntu ditu sailkapenean, eta bi puntura dauzka play-offeko postuak.

Sergio Alvarez ondo aritu da, zelai erdian. Argazkia: SD Eibar.

Eibarrek 2-1 menderatu du Zaragoza, 2024-25 denboraldiko Hypermotion Ligako hemeretzigarren jardunaldian, Ipuruan, larunbatean. Antonio Puertasek, 21. minutuan, eta Ander Madariaga Madak, 53.ean, sartu dituzte Joseba Etxeberriaren taldearen golak, eta Adrian Lisok, 80. minutuan, egin du Zaragozarena. Garaipena bereganatuta, Eibarrek 27 puntu ditu sailkapenean, hamargarren postuan dago eta play-offetako postuak bi puntura ditu.

Eibar-Zaragoza (2-1) partidako laburpena

Indar handiz jokatuta, Eibar, lehen zatian, baloia azkar mugitzen saiatu da, eta zelaiaren erdia bereganatu du. Joseba Etxeberriaren taldea Zaragoza baino gehiago izan da, eta armaginek 21. minutuan eskuratu dute merezitako saria; eskuinaldetik egindako jokaldi polit baten amaieran, Jorge Pascualek area txikian jarri du baloia, eta Antonio Puertasek 1-0ekoa jarri du markagailuan, baloia sare barrura bidalita. Atsedenaldira bitartean, Eibarrek ez du zailtasun handiegirik izan abantailari eusteko.

Bigarren zatian, 53. minutuan, Eibarrek 2-0ekoa egin du, kontraeraso on batean. Cristian Gutierrezek ondo jaso du baloia, ezkerretik, eta arean sartu da, erdiratu egin du, eta Madak partidako bigarren gola sartu du, eskuinez erremate polita eginez.

Jorge Pascualek oso gertu izan du 3-0ekoa, 78. minutuan, Guruzetak ezkerretik ondo egindako jokaldi batean. Hiru minutu geroago, baina, Adrian Lisok sartu du gola, 2-1ekoa, area ertzetik jaurtiketa eginda. Partidako azken txanpan, emozio handia izan da Ipuruan, kanpoko taldeak gola egin ostean.

Eibarrek, nolanahi ere, indarrez jokatzen jarraitu du, neurketa amaitu arte, eta, azken finean, garaipen oso garrantzitsua eskuratu du. Orain, erronka da bide on horri etxetik kanpo ere jarraipena ematea; asteartean izango du hurrengo aukera Joseba Etxeberriaren taldeak, Kordoban, 21:15ean hasita.

Fitxa teknikoa

2 - Eibar: Magunagoitia, Corpas, Arambarri, Chema Rodriguez, Cristian (Arrillaga, 75. min), Sergio Alvarez, Matheus (Nolaskoain, 67. min), Mada, Toni Villa (Guruzeta, 67. min), Puertas (Alkain, 75. min) eta Pascual (Bautista, 85. min).

1 - Zaragoza: Femenias, Luna, Lluis Lppez, Jair, Clemente (Sans, 70. min), Calero, Aketxe (Liso, 61. min), Francho, Aguado (Soberon, 70. min), Adu Ares (Moya, 61. min), eta Ivan (Mari, 78. min).

Golak: 1-0, 21. min, Puertas; 2-0, 53. min, Mada; 2-1, 80. min, Liso.

Epailea: Sergiu Muresan (Valentziako Batzordea). Eibarreko Chema Rodriguez, Matheus eta Puertas, eta Zaragozako Jair, Sans eta Calero zigortu ditu, txartel horia aterata.

Nabarmentzekoak: 4.779 zale izan dira Ipuruan.

Albisteak (2)