Kontratu etetea
Eibarrek entrenatzaile kargutik kendu du Joseba Etxeberria
EITB MEDIA
Horrela, Elgoibarko teknikariak Ipuruako taldea gidatzeari utzi dio, aurreko denboraldian heldu ondoren. Azken 15 urteetan Eibarrek kargutik kendu duen lehen entrenatzailea da.


Joseba Etxeberria. Argazkia: SD Eibar
Joseba Etxeberria entrenatzaile gipuzkoarrak ez du Eibar zuzentzen jarraituko, talde armaginak ekainaren 30era arte zuen kontratua etetea erabaki ondoren, igande honetan iragarri duenez. Azken 15 urteetan Eibarrek kargutik kendu duen lehen entrenatzailea da.
Horrela, Elgoibarko teknikariak Ipuruako taldearen gidaritzan egoteari utzi dio, aurreko denboraldian heldu ondoren.
Eibar 17. postuan dago Hypermotion Ligako sailkapenean, 27 jardunalditan 33 puntu lortu ondoren. Denboraldi honetan, 9 garaipen, 6 berdinketa eta 12 porrot izan ditu Ligan, eta Logroñesek kanporatu zuen Errege Kopan.
Kargugabetzearen berri izan ondoren, entrenatzaile gipuzkoarrak X sare sozialean adierazi duenez, "pena handia" hartu du erabakiaren berri jaso duenean, "baina onartu beharra" dago. "Aurten ez dira gauzak ondo atera", esan du Etxeberriak.
Agur esateko ordua iritsi da. Pena haundia ematen didan erabakia da baina onartu beharra dago. Aurten ez dira gauzak ondo atera. Eskerrak eman nahi diet armagin guztiei eduki dudan babez eta harremanagatik. Zorte Ona opa dizuet etorkizunerako. @SDEibar pic.twitter.com/CdUf2YX9jc
— Joseba Etxeberria (@17Etxeberria) February 16, 2025
Eibar taldeko entrenatzaile bezala, 75 partida ofizialetan zuzendu du talde armagina Joseba Etxeberriak. Karguan eman zuen aurreneko denboraldian, Lehen Mailara igotzeko fasea jokatu zuen Eibarrek, baina lehen kanporaketan gelditu zen lehiatik at, Oviedo aurkari. Bigarren denboraldi honetan, 2023-24an izandako hainbat jokalari garrantzitsuk taldea utzi ostean, Eibarri askoz ere gehiago ari zaio kostatzen golak sartzea, eta, horrez gain, jokalari batzuk ez dabiltza iaz bezain ondo.
Hori dela eta, Eibarrek atzera egin du sailkapenean. Eldensek igandean irabazi ostean, Eibarrek bost puntura du jaitsierako lehenengo postuan dagoen taldea.