36. jardunaldia
Realak Caparrosen debuta zapuztu nahi du, Europa gertuago izateko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Imanol Alguacilek ezingo du Aritz Elustondo erabili, txuri-urdinen atzeko lanari oreka eman dion jokalaria.
Reala azken jardunaldietan sasoi ona erakutsi duen talde gisa helduko da Sanchez Pizjuan zelaira, eta Joaquin Caparros Sevillako entrenatzaile berriaren debuta zapuzten saiatuko da, Europarako txartela lortzeko puntuen bila.
Sailkapen hori ematen duen zazpigarren tokia eskuratzea oso zail dago, eta hori lortzeko bidean ezinbestekoa zaie txuri-urdinei Sevillaren etxean garaitzea, duela bi urte egin zuten bezala.
Garaipen hori lortu ezean, Europa Ligarako txartelaren lehiatik ia baztertuta geratuko da Reala, hiru puntura baitu orain zazpigarren tokian dagoen Getaferekin, eta, gainera, madrildarrek aldeko dute gol averagea.
Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak lau garaipen, berdinketa bat eta porrot bakarra pilatu ditu orain arte Reala zuzentzen eman dituen sei partidetan. Orioko prestatzaileak ezingo du Aritz Elustondo erabili, hau da, atzeko lanari oreka eman dion jokalaria.
Xabi Prieto eta Imanol Agirretxe bajan daude, eta horien ordezkoak lan ona egiten ari dira. Ruben Pardok, bestalde, zigorra bete beharko du, Athleticen kontrako derbian txartel gorria ikusi baitzuen.
Realak, nolanahi ere, ez ditu neurketa asko irabazi etxetik kanpo. Imanolekin denetariko emaitzak lortu ditu: garaipen bat, berdinketa bat eta porrot bat. Galdutakoa, gainera, Malaga azken sailkatuaren etxean izan zen.
Balizko hamaikakoak:
Sevilla: David Soria o Sergio Rico; Jesús Navas, Mercado, Lenglet, Escudero; Nzonzi, Éver Banega; Sarabia, Franco Vazquez, Nolito; eta Sandro.
Reala: Moya; Odriozola, Navas, Llorente, De la Bella; Illarramedi, Zubeldia, Canales; Oyarzabal, Januzaj eta Willian Jose.
Epailea: Santiago Jaime Latre.
Zelaia: Ramón Sánchez Pizjuan.
Ordua: 21:00.