Final-zortzirenak
Mexikok ezustekoa eman nahi du Holandaren aurka
Erredakzioa
Van Gaalen selekzioa egungo txapeldunordea da, eta beti bigarren izateari amaiera ipini nahi dio, txapelketa handi batean arrakasta lortuta.
Mexikok aurreikuspenak irauli eta Holandaren aurrean ezustea eman nahi du, Brasileko Munduko Txapelketaren final zortzirenetan. Irabaziz gero, lehen aldiz lortuko luke final-laurdenetan sartzea, Mexikon jokatutako bi edizioak kenduta.
Mexikok eta Holandak behin jokatu dute bata bestearen aurka Munduko Txapelketa batean. Frantzian jokatutakoan izan zen, 1998. urtean. Orduan bina gol eginda amaitu zuten, multzoaren lehen tokian. Holandarrak finalerdietara arte heldu ziren; han Brasilek kanporatu zituen. Mexikok, aldiz, final-zortzirenetan galdu zuen Alemaniaren aurka.
Mexiko ez da faboritoa igandeko partida irabazteko, baina aurreikuspenei kontra egin nahi die. "Holanda ez da garaiezina", esan du Oribe Peralte aurrelariak.
Van Persie, jokatzeko prest
Holandari dagokionez, Louis Van Gaalek Robin Van Persie aurrelaria erabili ahal izango du, partida bateko zigorra beteta. Hala ere, Leroy Fer jokalaria bajan dago.
Holandak hobera egin du txapelketak aurrera egin ahala. Multzoko bigarren taldea izango zela zirudien, baina aurkariak baino gehiago zela argi eta garbi utzi zuen lehen partidetan.
Espainiari emandako jipoiak bultzada eman zien. Eta lehen fasea hiru garaipen lortuta amaitu du.
Aurreko edizioan finalera arte iritsi ziren. Joko zuzena eta sendoa egiten dute holandarrek. Aurtengoan historia egin nahi dute, Mexikok bezala.
Litekeena da bi taldeek ondorengo hamaikakoak ateratzea:
Holanda: Cillessen; Blind, De Vrij, Vlaar, Janmaat; De Jong, Sneijder, Wijnaldum; Robben, Lens eta Van Persie.
Mexiko: Ochoa; Aguilar, Rodríguez, Márquez, Héctor Moreno, Layún; Herrera, Salcido, Guardado; Giovani dos Santos eta Peralta.
Epailea: Pedro Proenca, Portugal.
Estadioa: Castelao de Fortaleza.
Ordua: 18:00etan.