Komunikatua
Luis Suarezek barkamena eskatu du
Erredakzioa
"Erabat damututa nago. Publikoki diot ez dela halako gertaerarik berriro jazoko", dio jokalariaren oharrak.
Luis Suarez Uruguaiko jokalariak barkamena eskatu du. Aurrelariak Italiako Giorgio Chiellini jokalariari haginkada eman zion sorbaldan Uruguai-Italia partidan eta FIFAk zigor zorrotza ezarri dio: 9 partida eta lau hilabete jokatu gabe.
Suarezek komunikatu bat bidali du sare sozialen bidez, eta partida jokatu zenetik sei egun igaro direnean barkamena eskatu du.
"Etxean, familiarekin egon eta gero lasaitasuna berreskuratu dut eta hausnarketa egiteko aukera izan dut", dio Liverpooleko jokalariaren oharrak.
"Erabat damututa nago. Giorgio Chielliniri barkamena eskatu nahi diot eta baita bere familiari. Publikoki diot ez dela halako gertaerarik berriro jazoko".