Itxi

Larunbatean, 22:00etan

Costa Rica, balentriaren bila eta Holandak ez du ezustekorik nahi

Erredakzioa

"Laranja mekanikoak" badaki zer den teorikoki gutxiago den aurkari baten aurka sufritzea, eta Costa Ricaren aurka ez du ezustekorik nahi.

Keylor Navas Costa Ricako atezaina. Argazkia: EFE

Holanda eta Costa Rica aurrez aurre arituko dira larunbat honetan, Munduko Futbol Txapelketako final-laurdenetako neurketan (22:00etan). Van Gaalen taldeak aurrera egin nahi du txapelketan, eta Costa Ricak balentria lortu nahi du hurrengo kanporaketarako txartela lortuta.

Oscar Duartek, zigortuta, eta Roy Millerrek, lesionatuta, ezin izango dute partida jokatu. Keylor Navas, Bryan Ruiz eta Joel Campbell, ordea, jokatzeko prest daude eta Jorge Luis Pinto teknikari kolonbiarrak hasieratik jarriko ditu seguru aski.

Louis Van Gaalek ez du nahi Holanda gehiegi fidatzea. "Laranja mekanikoak" badaki zer den teorikoki gutxiago den aurkari baten aurka sufritzea, eta oraingoan ez du ezustekorik nahi.

Nigel De Jongek min hartu zuen Mexikoren aurka eta baja izango da, baina Leroy Fer eta Wesley Sneijder, ordea, sendatu dira eta neurketa jokatu ahal izango dute. Van Gaalek eskuineko hegalean du zalantza nagusia: Daryl Janmaat edo Paul Verhaegh.

Ustezko hamaikakoak:

Holanda: Cillessen; Janmaat, Vlaar, De Vrij, Blind; Wijnaldum, Indi, Sneijder, Robben; eta Van Persie.

Costa Rica: Keylor Navas; Gamboa, Acosta, Umaña, Diaz; González; Ruiz, Borges, Tejeda, Bolaños; eta Campbell.

Albisteak (2)

Galeriak (1)