Kostata
Hegoafrika 2010: Espainia, finalerdietan Villaren golarekin (0-1)
Erredakzioa
Casillasek penalti bat geldidu du eta Villarrek beste bat (Xabi Alonsori), baina 81.ean garaipenaren gola lortu du FC Bartzelonako aurrelariak. Finalerdietan, Alemaniaren aurka.
Espainiako selekzioak Munduko Futbol Txapelketako finalerdietarako txartela lortu du final-laurdenetan Paraguai kanporatuta. Kosta erdietsi du David Villak 81. minutuan sartutako golari esker.
Lehen zatia aspergarria izan da Ellis Park Stadiumen. Jokorik ez, aukera eskasak eta emozio gutxi, batez ere Espainian. Ez zirudien final-laurdenetako neurketa. 40. minutuan baliorik gabe utzi du epaileak paraguaiarren gola (jokoz kanpo). Hori eta Xavik urrutitik egindako errematea, azpimarragarriena. Gerardo Martinoren gizonak hobeto ari ziren.
Partida bigarren zatian animatu da. 58. minutuan Paraguairen aldeko penalti adierazi du epaileak eta Casillasek gelditu du. Bi&' || 'nbsp; minutu geroago espainiarrek izan dute hamaika metroetatik gola sartzeko aukera. Xabi Alonsok jaurti eta sartu du, baina Carlos Batresek errepikatzeko eskatu dio. Bigarren saiakeran Villarrek gelditu du eta aldaratzea Fabregasentzat izan da. Ezin izan du errematatu atezainak penalti berri bat egin baitio. Ikusgarria.
Eta 81.ean garaipenaren gola lortu du Villak Vicente del Bosqueren gizonentzat. Pedrok errematatu, baloiak zutoinan jo du eta aldaratzea Villak hartu du. Asturiarraren erremateak zutoina izan du berriro xede, baina oraingoan marra gainditu du.
Fitxa teknikoa:
0 - Paraguai: Justo Villar; Veron, Alcaraz, Da Silva, Morel; Barreto (Vera, 64''), Riveros, Victor Caceres (Barrios, 84''), Santana; Valdez (Santa Cruz, 72'') eta Cardozo.
1 - Espainia: Iker Casillas; Sergio Ramos, Pique, Puyol (Marchena, 84''), Capdevila, Busquets, Xabi Alonso (Pedro, 75''), Iniesta, Xavi, Villa eta Fernando Torres (Cesc, 56'').
Gola:
0-1, 83'': Villa.