ERRUSIA 2018RAKO BERRAUKERA
Kroazia eta Suitza, faborito Grezia eta Ipar Irlandaren aurrean
Agentziak | Erredakzioa
Ostegunean, ostiralean eta larunbatean jokatuko dira Errusiako Munduko Txapelketara sailkatzeko bigarren aukerako kanporaketen joaneko partidak; igandean eta astelehenean, berriz, itzulikoak.
Datorren urtean Errusian egingo den Munduko Txapelketarako sailkatzeko bigarren aukerako kanporaketak ostegun honetan hasiko dira jokatzen Europako multzoan. Norgehiagoka horietan, Kroazia eta Suitza euren balizko nagusitasuna ezartzen saiatuko dira Greziaren eta Ipar Irlandaren aurrean.
Horrenbestez, Zagreben, horrelako kanporaketetan duen eskarmentua baliatzen saiatuko da Kroazia; izan ere, azken urteetan lau aldiz jokatu ditu, eta guztietatik atera da garaile.
Zlatko Dalicek zuzentzen duen taldeak Luka Modric eta Ivan Rakitic izango ditu gidari nagusi, eta azken boladan erakutsi duen gol gabeziari egin beharko dio aurre, bere multzoan 15 gol besterik ez baitzituen erdietsi. Gainera, Mario Mandzukic aurrelariak giharreko arazoak ditu, eta azken ordura arte itxaron beharko dute jokatzeko moduan dagoen jakiteko.
Dena dela, Greziak ere baja ugari izango ditu. Defentsa lanetan ezinbestekoa den Kostas Manolas zigortuta dago, eta Vasilis Torosidis kapitaina eta Sokratis Papastathopoulos atzelaria zalantzan daude.
2004an Europako txapeldun izandakoak porrot bakarra izan du sailkapen fasean (etxean, Belgikaren aurka), eta Zagrebera aurretik egindako bisita ofizialetan lortutako emaitzak errepikatzen saiatuko da: hutsean berdindu zuten 2010ean, eta bana, 1996an.
Ipar Irlandak gotorleku bihurtu nahi du Windsor Park
Suitza ere, bere esperientziaz baliatzen saiatuko da Ipar Irlandaren aurkako neurketan; aurkaria, baina, oso sendo agertu da orain arte Belfasten.
Michael O'Neillen agindupean dauden jokalariak Windsor Park gotorleku bihurtzen saiatuko dira, aurrekoetan bezala. Bertan, Alemaniaren aurka besterik ez dute galdu (1-3). Alemanak izan dira Irlandari golen bat sartu dioten bakarrak.
Ipar irlandarrak Munduko Txapelketa jokatzeko gosez dabiltza, 1986an Mexikon egon zirenetik ez baitute berriro halako baterako sailkatzerik lortu.
Suitzarrei dagokienez, Vladimir Petkovicen mutilek multzoen fasean erakutsitako sendotasuna azaldu beharko dute etxekoek zelai gainean jarriko duten intentsitateari aurre egiteko, eta, bide batez, Munduko Txapelketan laugarrenez jarraian egotea lortzeko.