ERRUSIA 2018RAKO BERRAUKERA
Kroaziak eskura du Mundiala (4-1); Suitzak abantaila hartu du (0-1)
Erredakzioa
Kroaziarrek 4-1 irabazi diote Greziari Zagreben. Suitzarrek, ordea, etxetik kanpo lortu dute garaipena (0-1), eta abantaila hartu dute kanporaketan. Suedia-Italia partida ostiral honetan jokatuko da.
Kroaziako selekzioak ez du arazorik izan Grezia azpiratzeko ostegun honetan, datorren urtean Errusian egingo den Munduko Txapelketarako sailkatzeko bigarren aukerako kanporaketan. Kroaziarrek oso partida ona jokatu dute Zagreben, eta oso hurbil daukate Mundialerako txartela.
Honako hauek izan dira norgehiagokako golegileak: 1-0 (Modric, 13. min,), penaltiz), 2-0 (Kalinic, 19. min), 2-1 (Papastathopoulos, 30. min), 3-1 (Perisic, 33. min) eta 4-1 (Kramaric, 49. min).
Bere aldetik, Suitza Ipar Irlandari gailendu zaio haren etxean (0-1), zalantzazko penalti bat dela medio, Milanen jokatzen duen Ricardo Rodriguez atzelariak gol bihurtu duena.
Aipatu kanporaketa hauen itzulerako partidak igandean jokatuko dira.
Suedia-Italia eta Honduras-Australia, ostiral honetan
Suediak eta Italiak ostiral honetan ekingo diote elkarren arteko lehiari, Errusiako Mundialera sailkatzeko asmoz. Norgehiagoka 20:45ean hasiko da, Solnako Friends Arena zelaian.
Helburu berarekin jardungo dute Hondurasek eta Australiak ere, kontinente arteko euren arteko lehian (23:00etan).