ERRUSIA 2018RAKO BERRAUKERA
Italiak galdu egin du Suedian (1-0), eta etxean saiatuko da Mundialera sailkatzen
Erredakzioa
Suediarrak 1-0 gailendu zaizkie italiarrei Solnan, Jakob Johanssonek 61. minutuan sartutako golari esker.
Suediak abantaila hartu du Italiaren aurrean (1-0), datorren urtean Errusian egingo den Munduko Txapelketarako sailkatzeko bidean. Italiak partida kaskarra jokatu du, eta hiru egun barru emaitza iraultzera behartuta dago, hondamendi bat saihestu nahi badu.
Lau aldiz munduko txapeldun direnek bere balizko mailatik oso urruti jardun dute. Jokalari asko norgehiagokari heldu ezinik egon dira, huts asko egin dituzte, ideiarik gabe aritu dira, eta, azkenerako, eta men egin behar izan dute suediarren lehen zatiko energiaren aurrean.
Horrez gain, bigarren zatiko hasiera aldera AEK taldean kokatzen duen Jakob Johansson jokalari suediarrak sartu duen golak ezustean harrapatu ditu, eta nahiz eta norgehiagokaren azken txanpan saiatu diren berdinketaren gola egiten, (Darmianek zutoinera bota du jaurtiketa bat) ez dute halakorik lortu. Izan ere, suediarrak eroso antzera ibili dira defentsa lanetan, eta San Siron jokatuko den itzuliko abantailarekin joatea erdietsi dute.
Fitxa teknikoa:
Suedia 1: Olsen; Krafth (Svensson, 83. min), Lindelof, Granqvist, Augustinsson; Claesson, Larsson, Ekdal (Johansson, 57. min), Forsberg; Toivonen, Berg (Kiese Thelin, 74. min).
Italia 0: Buffon; Barzagli, Bonucci, Chiellini; Candreva, Parolo, De Rossi, Verratti (Insigne, 76. min), Darmian; Immobile, Belotti (Éder, 65. min).
Gola: 1-0, 61. min: Johansson.
Epailea: Cüneyt Çakir (TUR). Txartel horiak: Berg (2. min) eta Verratti (29. min).