Ofiziala
Espainiako entrenatzaile kargutik kendu dute Lopetegui eta Hierro jarri haren ordez
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru denboraldirako kontratua sinatu du Real Madrilekin eta ondorioz Espainiako Federazioak bere kargutik kentzea erabaki du. Fernando Hierro izango da bere ordezkoa.
Julen Lopeteguik ez du Espainiako selekzioa zuzenduko Errusiako Munduko Txapelketan. Hala eman du jakitera asteazken honetan Luis Rubiales, Espainiako Futbol Federazioko presidenteak.
Astearte arratsaldean Real Madrilek jakinarazi zuen Julen Lopetegui izango zela talde zuriaren entrenatzaile berria datozen hiru urteetan. Jakinarazpen hori oinarritzat izanik hartu du Rubialesek Asteasuko entrenatzailea kargugabetzeko erabakia; izan ere, azaldu duenez, Federazioak ez zekien ezer Lopetegui eta Real Madrilen arteko negoziaketei buruz.
Hierro, ordezkoa
Ordu batzuk geroago, Federazioak Fernando Hierro izendatu du entrenatzaile berri gisa, Munduko Txapelketan Espainia zuzentzeko. Arratsaldean bertan prentsaurrekoa eman du, eta, ostean, bere lehen entrenamendua zuzendu du.
Aipatu agerraldian Hierrok esandakoaren arabera, Mundialean ari da pentsatzen bakarrik: "Nire zeregina Portugal da, eta ondoren, hurrengoa, hurrengoa eta hurrengoa. Munduko Txapelketa on bat egitea besterik ez dugu buruan".
Fernando Hierro, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Lopetegui, "oso triste"
Espainiako selekzioaren kontzentrazioa utzi eta Krasnodarreko aireportura iritsi berritan, Lopeteguik adierazpen labur batzuk egin ditu han zeuden kazetarien aurrean. "Oso triste nago… Mundial aparta egin eta irabazi egingo dugula desiratzen", adierazi die hara bertaratu direnei.