D MULTZOA | 2. JARDUNALDIA
Kroaziak sailkapena lortu du eta kinka larrian utzi du Argentina (0-3)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argentinarrek puntu bakarra dute eta gol ugari aurka, beraz, oso zail daukate final-zortzirenetara sailkatzea.
Kroaziak 0-3 irabazi dio Argentinari Nizhny Novgorod zelaian jokatutako norgehiagokan, eta final-zortzirenetarako sailkatu da Ante Rebicen, Luka Modricen eta Ivan Rakiticen golei esker.
Lehendabizikoak bigarren zatiaren hastapenean sartu du gola, Willy Caballero atezain argentinarraren hutsegite bat baliatuta. Gerora, partida amaitzear zegoela, iritsi da Modricena, areaz kanpotik egindako jaurtiketa bati esker. Rakiticek partidaren luzapenean lortu du berea, Argentinako defentsaren pasibotasuna baliatuta.
Jasotako porrot gogor horren ostean, Argentina puntu bakarrarekin dago; gainera, gol ugari ditu aurka, eta horrek guztiak oso zail jarri dizkio gauzak hurrengo kanporaketara sailkatu ahal izateko.
Fitxa teknikoa:
Argentina 0: Caballero; Mercado, Otamendi, Tagliafico; Salvio (Pavon, 56. min) , Mascherano, Enzo Perez (Dybala, 68. min), Acuña; Messi, Maxi Meza eta Agüero (Higuain, 54. min).
Hautatzailea: Jorge Sampaoli.
Croacia 3: Subasic; Vrsaljko, Lovren, Vida, Strinic; Rakitic, Brozovic; Rebic (Kramaric, 57. min), Modric, Perisic (Kovasic, 82. min); eta Mandzukic.
Hautatzailea: Zlatko Dalic.
Golak: 0-1, 53. min: Rebic; 0-2, 80. min: Modric; 0-3, 92. min: Rakitic.