Itxi

F multzoa (2. jardunaldia)

Velak eta Chicharitok, gol bana Hego Korearen aurka (1-2); Mexikok sei puntu ditu

Erredakzioa

Leer en Castellano

Alemania-Suedia partidaren emaitzaren zain (F multzoaren bigarren jardunaldia neurketa horrekin amaituko da), Mexikok oso gertu ditu final-zortzirenak.

Carlos Velak sartu du, penaltiz, Mexikoren lehen gola. Argazkia. EFE.

Mexiko 2-1 gailendu zaio Hego Koreari, larunbat honetan, Rostov Arenan, eta bi garaipen ditu dagoeneko, bi partida jokatuta, Errusia 2018 Munduko Txapelketan. Juan Carlos Osorio entrenatzailearen gizonek, horrela, oso gertu dituzte final-zortzirenak, baina oraindik ez dute txartela guztiz bermatu; izan ere, F multzoan bigarren jardunaldia itxiko duen neurketak, alegia, Alemaniak eta Suediak larunbat iluntzeak jokatuko duten horrek, zehaztuko du Mexiko dagoeneko sailkatuta dagoen ala ez: Suediak irabaziko balu, suediarrak eta mexikarrak zortzirenetan egongo lirateke, eta Alemaniak, aldiz, ez luke aukerarik izango.

Carlos Velak, penaltiz, lehen zatian, eta Chicharito Hernandezek, kontraeraso bat burutuz, 66. minutuan, Mexikoren golak sartu dituzte; Hego Korearen aldetik, Sonek, luzapenean, ezkerkada eder baten bidez, 1-2koa egin du. Korearrek gola sartu dutenean, bi minutu besterik ez ziren falta amaierarako, eta Mexikok ez du zailtasunik izan garaipenari eusteko.

Lehen zatian, jokoa parekatuagoa izan da; Hego Koreak gol-aukera batzuk sortu ditu, Carlos Velak 1-0ekoa egin baino lehen. Atsedenaldiaren ostean, baina, Mexiko nabarmen gailendu da, eta argi menderatu du partida; Chicharito Hernandezek bigarrena egin du, jokaldi polit batean, baina golik ederrena Hego Koreak lortu du, Sonen eskutik, areatik kanpoko jaurtiketa bikain batekin. Hego Koreak ez du ia aukerarik aurrera egiteko.

Fitxa teknikoa:

Hego Korea: Cho Hyun-Woo; Lee Yong, Jang Hyun-Soo, Kim Young-Gwon, Kim Min-Woo (Chul Hong, 84. min); Ki Sung Yueng, Hwang Hee-Chan, Joo Se-Jong (Lee Seung-Woo, 64. min), Moon Seon-Min (Jung Woo-Young, 77. min); Lee Jae-Sung y Heung-Min Son.

Mexiko: Ochoa; Edson Alvarez, Salcedo, Hector Moreno, Gallardo; Guardado (Marquez, 67. min), Layun, Hector Herrera; Hirving Lozano (Corona, 70. min), Carlos Vela (Gio Dos Santos, 76 min) eta Chicharito Hernández.

Golak: 0-1, 25. minutuan, Carlos Vela, penaltiz; 0-2, 66. minutuan, Chicharito Hernandez; 1-2, 92. minutuan, Heung-Min Son.

Albisteak (4)