Itxi

Errusia 2018

Brasilek Mexiko kaleratu du, ondo aritu den Neymarri esker (2-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

PSGko jokalariak bere selekzioaren lehen gola sartu du, eta erabakigarria izan da Firminok sartu duen bigarrenean.

Neymar protagonista izan da partidan zehar. Argazkia: EFE

Brasilek 2-0 irabazi dio Mexikori Errusiako Munduko Txapelketako final-zortzirenetan, Neymarrek jokatutako partida on bati esker (berak egin du lehendabiziko gola eta erabakigarria izan da bigarrenean).

Mexikok hobeto ekin dio partidari brasildarrei presio handia eginda, baina Brasilek ez du denbora askorik behar izan norgehiagokaren aginteari heltzeko. Behin hura eskuratuta, apenas pasatu du arrisku unerik atzealdean, aurrelarien adinako lan aparta egin baitute defentsek ere.

Hartara, Brasilek bigarren zatia hasi eta berehala egin du bere lehen gola, Neymarrek 51. minutuan sartu duena, beraren eta Willianen artean jokaldi aparta josi ondoren. Gerora, ia amaieran, iritsi da bigarrena. PSGko jokalaria Ochoa Mexikoko atezainaren aurrean agertu da kontraeraso azkar baten ostean. Bere ahalegina desbideratu egin du atezain mexikarrak, baina jokaldia jarraitzen zegoen Firminok baloia sakatu besterik ez du egin behar izan.

Mexikok ez du amore eman, baina ez du indarrik izan Brasil arazoetan sartzeko, eta, zazpigarrenez jarraian mexikarrek agur esan behar izan diote Munduko Txapelketari final-zortzirenetan

Horrenbestez, txapelketak aurrera egin ahala Brasil faborito itxurak hartzen ari da, eta hori Neymarren jokoaren hobekuntzarekin batera gertatzen ari da.

Fitxa teknikoa:

Brasil 2: Allison; Fagner, Miranda, Thiago Silva, Filipe Luis; Casemiro; Willian (Marquinhos, 90. min), Paulinho (Fernandinho, 80. min), Coutinho (Firmino, 86. min); Gabriel Jesús eta Neymar Jr.

Hautatzailea: Tite.

Mexiko 2: Ochoa; Edson Alvarez (Jonathan dos Santos, 56. min), Ayala, Salcedo, Gallardo; Márquez (Layún, 46. min); Guardado, Herrera; Vela, Lozano; eta 'Chicharito' Hernández (Raúl Jiménez, 60. min).

Hautatzailea: Juan Carlos Osorio.

Golak: 1-0, 51. min: Neymar. 2-0, 88. min: Firmino.

Epailea: Gianluca Rocchi (Italia). Txartel horiak: Edson Alvarez, Herrera, Salcedo eta Guardado (Mexiko); Filipe Luis eta Casemiro (Brasil).

Albisteak (4)