2. finalerdia
Kroaziak finala jokatuko du lehen aldiz, Ingalaterra luzapenean menderatu ostean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mandzukicek luzapenean sartutako gol bati esker lortu dute kroaziarrek finalerako txartela.
Kroaziak 2-1 irabazi dio Ingalaterrari, eta Munduko Futbol Txapelketako finala jokatuko du, historian lehen aldiz.
Ingalaterrak partida hasi eta berehala hartu du aurrea, Kieran Trippierrek falta jaurtiketa batean gol ikusgarria sartuta. Bigarren zatian, baina, Ivan Perisicek berdinketa eraman du markagailura.
Luzapenean, batek baino gehiagok penaltiak buruan zituenean, Mandzukic handiak bigarrena sartu du, Perisicek buruz egindako pasea baliatuta.
Hirugarren aldiz heldu dira kroaziarrak luzapenera txapelketa honetan. Danimarka eta Errusia penaltietan kanporatu zituzten; gaur, berriz, luzapenean irauli du partida.
Horrela, bada, Kroaziak eta Frantziak jokatuko dute Errusiako Munduko Futbol Txapelketako finala, igandean. Lehen aldiz arituko dira aurrez aurre bi talde horiek final batean.
Fitxa teknikoa:
Kroazia 2: Subasic; Vrsaljko, Lovren, Vida, Strinic (Pivaric, 95. min); Brozovic, Rakitic, Modric (Badelj, 118. min); Rebic (Kramaric, 101. min), Perisic eta Mandzukic (Corluka, 115. min).
Ingalaterra 1: Pickford; Maguire, Stones, Walker (Vardy, 112. min); Trippier, Henderson (Dier, 97. min), Young (Rose, 91. min), Lingard, Alli; Sterling (Rashford, 74. min) eta Kane.
Golak: 0-1, 5. min: Trippier; 1-1, 68. min: Perisic; 2-1, 109. min: Mandzukic.
Epailea: Cuneyt Cakir (Turkia). Txartel horiak: Rebic (48. min eta 96. min) eta Walker (54. min).