QATAR 2022
Brasil, Argentina, Frantzia eta Alemania, Munduko Txapelketa irabazteko faborito nagusiak
EITB MEDIA
Lau selekzioak Munduko Kopa altxatzeko hautagai nagusiak dira, azaroaren 20tik abenduaren 18ra arte Qatarren jokatuko den txapelketan.
Brasil, Argentina, Frantzia eta Alemaniako selekzioak dira Munduko Kopa altxatzeko faborito nagusiak. Qatarreko Munduko Futbol Txapelketa igandean (azaroak 20) hasi, eta abenduaren 18an amaituko da.
Aipatutako selekzioak faboritoak izanik, batez ere, adituek Frantziari, Brasili eta Argentinari ematen dizkiote aukera gehien. Frantziarrak egungo txapeldunak dira; Argentina eta Brasil, aldiz, hegoamerikarren 20 urteko lehorteari bukaera emateko prest daude. Kiniela askoan agertzen ez diren arren, ez dira baztertu behar selekzio hauek: Belgika eta Ingalaterra, 2018ko 3. eta 4a, Portugal talentuduna, edo gazteez betetako Espainia. Ikusteke dago zein izango den ustekabea emango duen taldea.
Munduko Kopa altxatzeko lehiatuko diren 32 selekzioak 4 taldeko 8 multzotan daude banatuta. A multzoan, Qatarrekin batera, Herbehereak, Senegal eta Ekuador egongo dira. B multzoa, Ingalaterrak, Iranek, Galesek eta Estatu Batuek osatuko dute. C multzoan, Argentina, Mexiko, Saudi Arabia eta Polonia arituko dira. Tunisia, Frantzia, Danimarka eta Australia, D multzoan. E multzoan, Alemaniak, Japoniak, Costa Ricak eta Espainiak jokatuko dute. F multzoan, Kroazia, Belgika, Moroko eta Kanada egongo dira. G multzoa, Brasilek, Suitzak, Kamerunek eta Serbiaak osatuko dute. Azkenik, H multzoan, Hego Korea, Uruguai, Portugal eta Ghana ibiliko dira lehian.
Multzo bakoitzeko lehenengo bi sailkatuek aurrera egin, eta final-zortzirenak jokatuko dituzte abenduaren 3tik 6ra artean. Kanporaketak hurrengoak izango dira: A multzoko lehenengoa B multzoko bigarrenaren aurka arituko da, C multzoko lehenengoa D multzoko bigarrenaren kontra, E multzoko lehenengoak F multzoko bigarrena izango du aurkari, eta G multzoko lehenengoak H multzoko bigarrenarekin neurtuko ditu indarrak.
Finalera iristeko koadroaren beste aldean, B multzoko lehenengoak A multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, D multzoko lehenengoak C multzoko bigarrenaren kontra, F multzoko lehenengoa E multzoko bigarrenaren aurka arituko da, eta H multzoko lehenengoa neurtuko da G multzoko bigarrenarekin.
Hortik aurrera, txapelketa fase erabakigarrian sartuko da. Final-laurdenak abenduaren 9an eta 10ean jokatuko dira, eta finalaurrekoak 13 eta 14an. Azkenik, final handia hilaren 18an izango da, Lusail estadioan.