Qatar 2022
Poloniak irabazi egin dio Saudi Arabiari (2-0) eta estreinako garaipena bereganatu du Munduko Txapelketan
EITB Media
Poloniako selekzioa 2-0eko emaitzarekin nagusitu da C multzoko bigarren jardunaldiko partidan. Zielinski eta Lewandowski izan dira golegileak.
Poloniak irabazi egin dio Saudi Arabiari (2-0) larunbat honetan (azaroak 26) jokatu den Qatarko Munduko Txapelketako C multzoko bigarren jardunaldiko norgehiagoka. Neurketa honen ostean, talde europarrak lau puntu ditu eta hiru Asiakoak.
Saudi Arabia nagusi izan da lehen zatian. Asiako selekzioak gola sartzeko abagune argiak izan ditu. Aurrelariak ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean eta Szczesny atezainaren gelditu onek ere gola eragotzi diote. Poloniak ahal izan duen moduan eutsi die Saudi Arabiaren erasoko jokaldiei, eta lehen abagunean Zielinskik 1-0koa jarri du markagailuan Lewandowskiren pasea jaso eta baloia ate barruan sartuta.
Atsedenaldira iritsi aurretik, epaileak penaltia adierazi du Asiako taldearen alde, Gilkek area barruan egindako falta baten ondorioz. Szczesnyk desbideratu egin du Salem Aldawsari jaurtiketa, eta, jarraian, gola saihestu du Alburayken erremateari erantzun bikaina emanda.
Bigarren zatian ere gola sartzeko aukerak izan ditu Saudi Arabiak; hala ere, alferrik galdu ditu guztiak. Poloniak abantaila handitzeko abaguneak izan ditu; Frankowskiren jaurtiketa langara joan da, eta Robert Lewandowskiren errematea ez da atean sartu, zutoina jo ostean. Neurketako 82. minutuan, ordea, Lewandowskik gola sartu (2-0) eta erabakita utzi du lehia; Bartzelona taldeko aurrelariak baloia lapurtu dio Almalkiri, eta Alowais atezaina gainditu du.
Fitxa teknikoa:
2 - Polonia: Szczesny, Cash, Glik, Kiwior, Bereszynski, Krychowiak, Bielik, Zielinski (Kaminski, 63. min), Frankowski, Milik (Piatek, 71) eta Lewandowski.
0 - Saudi Arabia: Al-Owais, Abdulhamid, Al-Amri, Al-Bulayhi, Al-Burayk (Al-Ghannam, 65. min), Al-Malki (Al-Obud, 85. min), Al-Brikan, Al-Naji (Al-Abid, 46. min; Bahbri, 95. min), Kanno, Salem Al-Dawsari eta Al-Shehri (Nasser Al-Dawsari, 85. min).
Golak: 1-0, 39. min: Zielinski. 2-0, 82. min: Lewandowski.
Epailea: Wilton Sampaio (BRA). Txartel horiak atera dizkie Kiwior (15. min), Cash (16. min), Milik (19. min), Al-Malki (20. min) eta Al-Amri (49. min) jokalariei.