QATAR 2022
Brasilek nahikoa izan du lehen zatia Hego Korearen aurkako kanporaketa erabakitzeko (4-1)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hegoamerikarrak erraz gailendu zitzaizkien asiarrei, atsedenaldian 4-0 baitziren aurretik.
Brasilgo selekzioak ez zuen huts egin Hego Korearen aurkako final-zortzirenetako lehian, eta, aise sailkatu zen final-laurdenetara (4-1), batez ere lehen zatian erakustaldia emanda.
Brasildarrek ez zuten espero zen erresistentzia aurkitu Paulo Bentok zuzentzen duen selekzioan, lehiaren zama handiegia zela ematen baitzuen hegokorearrentzat. Atezainaren geldituek eta Hee-Chanen lan onak baino ez zuten itxura eman laranjen aldetik.
Izan ere, Hego Korearen sendotasuna bertan behera geratu zen lehen ordu laurdenerako. Brasil oso nagusi zelairatu zen, eta berehala bideratu zuen neurketa bere alde. Eskuinaldetik egindako Raphinharen barneraldi azkar baten ostean, baloiak beste hegalean amaitu zuen, Viniciusek gola erdiesteko baliatu zuena. Handik gutxira, Woo-Youngek Richarlisoni egindako penalti inozo bati esker, Neymarrek bigarrena sartu zuen (Brasilekin sartzen zuen 76 gola izan zen, eta Pelerengandik gol bakarrera geratu da).
Baina abantailak ez zuen "Canarinha" geldiarazi, ezta hegokorearrak hazi ere, nahiz eta suspertzeko zorian egon ziren, Alissonek Hee-Chanen jaurtiketa batean esku zoragarri bat sartu izan ez balu. Irudipen bat baino ez zen izan, asiarren akats bakoitza brasildarren mehatxu bihurtzen zelako. Horrela, ordu erdia baino lehen, Richarlisonek txapelketa bere hirugarren gola egin zuen, area ertzean Marquinhos eta Thiago Silva erdiko atzelarien arteko konbinazio azkar baten ondoren.
Beste ezertarako denborarik gabe, Hego Koreak laugarrena jaso zuen. Lucas Paqueta izan zen golegilea, Viniciusen pase on baten ondoren.
Espero zen bezala, egoera aldatu egin zen aldageletatik igaro ondoren. Brasilek erritmoa jaitsi zuen final-laurdenetako kanporaketan pentsatuz, eta Paulo Bentoren taldea Alissonen areara gehiago hurbiltzeko gai izan zen. Brasilgo atezainak kalitate handia duela erakutsi zuen, meritu handiko bi geldiketa eginez, batez ere Heung-Min Son eta Hee-Chanen ahaleginei.
'Canarinha'k bigarren zatiko hasierako minutuetan ere izan zituen bere abaguneak, Raphinharen gogoari esker, baina Seung-Gyuk birritan ukatu zion gola. Hortik aurrera, Tite indarrak banatzen eta funtsezko jokalariak aldatzen hasi zen. Erritmoa moteldu egin zen, eta horrek are gehiago lagundu zion aurkariari. Azkenerako, emaitza zertxobait txukundu ahal izan zuen Paik Heung-Sok area kanpotik egindako jaurtiketa batekin.
Fitxa teknikoa:
4 - Brasil: Alisson (Weverton, 80. min); Militao (Alves, 63. min), Marquinhos, Silva, Danilo (Bremer, 72. min); Casemiro, Paquetá; Neymar (Rodrygo, 81. min), Raphinha, Richarlison eta Vinícius (Martinelli, 72. min).
1 – Hego Korea: Seung-gyu Kim; Moon-hwan Kim, Min-jae, Young-gwon Kim, Jin-su Kim (Hong Chul, 46. min); Lee Jae-Sung (Kang-in Lee, 74. min), In-beom Hwang (Paik Seung-Ho, 65. min), Woo-young Jung (Son Jun-Ho, 46. min); Hee-chan; Son eta Gue-sung Cho (Hwand Ui-Jo, 80. min).
Golak: 1-0. 7. min: Vinícius. 2-0, 13. min: Neymar, penaltiz. 3-0, 9. min: Richarlison. 4-0, 36. min: Paquetá. 4-1, 76. min: Paik.
Epailea: Clement Turpin (Frantzia). Txartel horiak: Jung (Hego Korea).