MULTZOEN FASEA
Japoniak bere kalitatea inposatu du, eta 2-0 irabazi dio Costa Ricari
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Japoniarrek Erdialdeko Amerikako selekzioa garaitu dute, bi gol ia jarraian sartuta. Naomoto (25. min.) eta Fujino (27. min) izan dira golegileak C multzoko bigarren jardunaldiko partidan.
Japoniak Costa Ricari irabazi dio gaur Dunedinen (2-0) Australia eta Zeelanda Berriko 2023ko Munduko Txapelketako C multzoko bigarren jardunaldian. Ondorioz, erdialdeko amerikarrak final-zortzirenak lortzeko aukerarik gabe geratu dira zero punturekin; japoniarrak, berriz, sei punturekin, Espainiarekin berdinduta daude multzoko buruan (Espainiak 5-0 garaitu du Zambia).
Costarricarrak ausartago atera dira (Espainiarekin jokatutako debuteko neurketan etsituak egon ziren), eta 17. minutuan Guillenek urruneko jaurtiketa batekin saiatu da.
Japoniarrak, ostera, azkar zebiltzan atzeko lanetan, Costa Ricak baloia lapurtzea lortu eta kontraerasoan min egiten saiatu denean. Gainera, baloia oinetan zutela, ondo aritu dira joko motzean, eta aurkarien defentsaren bizkarra bilatu dute tarteka, jokaldiak ikusteko euren futbolarien iaiotasuna aprobetxatuta.
Horrela iritsi da lehen gola. Miyakek zehaztasunez eman dio baloia Tanakari, eta hark hegalera bidali du Naomotorentzat. Cotok ez du ondo neurtu aipatu pasea, eta bakarrik utzi du Naomoto Soleraren aurrean, ezkerrarekin gola sar zezan.
Bi minutu geroago, Aoba Fujinok, iazko 20 urtez azpiko Munduko Txapelketak ekarri zituen talentuetako batek (Japoniak zilarrezko domina irabazi zuen), baloi bat eraman du eta, erdiko atzelarien pasibotasunaz jabetuta, area barruan sartu eta baloia sareetara bidali du atezainaren zutoinetik.
Bigarren zatia ez da sentsazio hobeekin hasi Valverdek zuzentzen dituen emakumeentzat. Dena den, Costa Ricak japoniarren erasoaldiei eutsi die, eta hamar minuturen faltan bere aukerarik onena izan du Gloriana Villalobosek area kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez, baina arrakastarik gabe.
Fitxa teknikoa:
2- Japonia: Sayaka Yamashita; Shiori Miyake, Saki Kumagai, Moeka Minami; Risa Shimizu (Miyabi Moriya, 90 .min +1), Yui Hasegawa, Honoka Hayashi (Fuka Nagano, 74. min), Hina Sugita; Aoba Fujino (Hinata Miyazawa, 59. min), Hikaru Naomoto (Kiko Seike, 74. min); eta Mina Tanaka (Riko Ueki, 59. min).
Hautatzailea: Futoshi Ikeda.
0- Costa Rica: Daniela Solera; Maria Paula Coto, Mariana Benavides, Fabiola Villalobos, Maria Paula Elizondo; Melissa Herrera, Cristin Granados (Raquel Rodriguez, 64. min), Katherine Alvarado, Gabriela Guillen (Gloriana Villalobos, 46. min); Maria Paula Salas (Sheika Scott, 76. min); eta Priscilla Chinchilla.
Hautatzailea: Amelia Valverde.
Golak: 1-0, 25. min: Hikaru Naomoto. 2-0, 27. min: Aoba Fujino.
Epailea: Maria Sole Ferrieri Caputi (ITA).