2030EKO MUNDUKO TXAPELKETA
San Mames eta Reale Arena, 2030eko Munduko Txapelketaren partidak hartzeko aukeren artean
EITB MEDIA
Horiez gain, Iruñeko Sadar ere zerrendan sar liteke, baina erabakitzeke dago oraindik zenbat estadio izango dituen Munduko Txapelketak. Gorritxoen futbol-zelaiak entrenamenduak eta lagunartekoak hartuko lituzke.
Athleticen San Mames eta Realaren Reale Arena estadioak 2030eko Munduko Futbol Txapelketako partidak hartzeko hautagaien artean daude. Asteazkenean iragarritakoaren arabera, Espainian, Portugalen eta Marokon jokatuko da 2030eko edizioa.
Oraingoz, 15 estadiok osatzen dute, Bilboko eta Donostikoarekin batera, espainiar estatuko Munduko Txapelketako egoitzen zerrenda. Horietatik aukeraketa egin beharko da orain:
San Mames, Bilbon; Reale Arena, Donostian; Santiago Bernabeu eta Metropolitano, Madrilen; Nou Camp eta Stage Front Stadium, Bartzelonan; Mestalla berritua, Valentzian; Balaidos, Vigon; Riazor, A Coruñan; El Molinon Enrique Castro, Xixonen; La Romareda, Zaragozan; La Nueva Condomina, Murtzian; La Cartuja, Sevillan; La Rosaleda, Malagan; eta Gran Canaria estadios, Las Palmasen.
Portugalek bere aldetik, Oportoko Do Dragao, eta Lisboako La Luz eta Jose Alvalade proposatu zituen; Marokok, berriz, Rabat, Casablanca, Tanger, Agadir, Marrakex eta Fezeko zelaiak jarri zituen mahai gainean.
San Mames eta Reale Arena
Orain dela hamar urte inauguratuta, munduko estadiorik modernoenetakoa da San Mames gaur egun, eta 53.331 ikuslerentzako tokia du. Goi-mailako eredu zorrotzenak jarraituz diseinatu zuten, UEFAren arabera. Gainera, 2015ean World Architecture Festivalem munduko kirol-eraikin onenaren saria jasotzeaz gain, 'Venue of The Year' garaikurra eman zioten 2017an, World Football Summit ekitaldian.
'Katedrala'k jarduera garrantzitsuak hartu ditu: esaterako, 2018an, Europako errugbi finalak han izan ziren, eta 2020ko Eurokoparen finala hartzekoa zen, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu baino lehen. Halaber, beste bi hitzordu garrantzitsu ere aurreikusi dituzte: 2024an, emakumeen Txapeldunen Ligaren finala, eta 2025eko Europa League finala.
Reale Arena, garai batean Anoeta zena, 1993an inauguratu zuten, eta 2019an, berritu. 40.000 pertsona hartzeko lekua du, Munduko Txapelketa bateko egoitza izateko gutxieneko kopurua. Kirol-ekitaldiak ez ezik (Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais errugbi taldeen neurketak, kasu), kontzertuak eta bestelako jaiak ere egin dituzte, bai Reale Arenan, bai San Mamesen.
Sadar, aukeren artean
Osasunaren estadioa ere aipatu dute Munduko Txapelketarako aukera gisa. Dena den, batetik, Nafarroako Gobernuak, Espainiako Federazioak eta Osasunak negoziazioei berrekin behar diete horretarako; bestetik, ordea, oraindik ez dute erabaki zenbat futbol-zelai behar izango diren. Litekeena da gorritxoen egoitza inguruan jokatuko duten taldeen entrenamenduak eta lagunartekoak antolatzeko erabiltzea.