Berritzea
Sergio Herrerak Osasunarekin berritu du, 2028ra arte
EITB
Iruñeko taldeko atezainak, hala, bi urtez luzatu du orain arte Nafarroako klubarekin zuen kontratua; azken hori 2026ra artekoa zen. Etete-klausula, halaber, 20 milioikoa izango da aurrerantzean, alegia, sei milioi handiagoa.
Sergio Herrerak bi urtez luzatu du orain arte Osasunarekin zuen kontratua. Argazkia: Europa Press.
Sergio Herrerak Osasunarekin berritu du, 2028ko ekainera arte, astelehen arratsaldean Iruñeko klubak iragarri duenez. Nafarroako taldearen atezainak, hala, bi urtez luzatu du orain arte Osasunarekin zuen kontratua; izan ere, azken hori 2026ra artekoa zen. Etete-klausula, halaber, 20 milioikoa izango da aurrerantzean, alegia, sei milioi handiagoa, orain arte 14 milioikoa baitzen.
Sergio Herrera, 32 urtekoa bera, 2017an iritsi zen Osasunara, Huescatik; aurretik, Alavesen harrobian, Laudion eta Amorebietan aritua zen. Talde gorritxoak berritzearen berri emateko argitaratu duen prentsa oharrean nabarmendu duenez, dagoeneko 230 partida ofizial jokatu ditu Osasunan; beraz, bi partida gehiago jokatuta, Javier Vicuña historikoa aurreratuko luke, eta, Osasunarekin neurketarik gehien jokatuko dituzten atezainen zerrendan, bigarren tokian jarriko litzateke. Nabarmentzeko modukoa da, halaber, 2028ra arte berrituta, baliteke Roberto Santamaria mitikoari ere aurrea hartzea, eta, horrenbestez, zerrenda horretako aurreneko postuan kokatzea.
Osasunaren iritziz, berritze hau "estrategikoa" da. Asteartean, Herrerak prentsaurrekoa emango du, Sadarren, Braulio Vazquez kirol zuzendariak lagunduta, klubarekin lotu duen akordioa hizpide.